Arkeologia museoetan emakumeek historiari egindako ekarpenaren ikusgarritasun eskasa dagoela salatu dute

Museoetako edukietan gizonezkoek egindakoari zentraltasuna eta garrantzia ematen zaiola eta emakumezkoarena osagarritzat jotzen dela ohartarazi dute.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko ikerketa-lanetarako emandako bekaren emaitza den Euskadiko ondare arkeologikoaren (BER)irakurketa feminista: Berdintasuna Historian genero-ikuspegiari esker izeneko azterlana aurkeztu du Emakundek.

Azterketa honako hauek egin dute: Teresa Campos Lopez arkeologia eta hezkuntza doktoreak, Janire Castrillo historia doktoreak, Itziar Aloria kultur ondarearen hezkuntzako eta kudeaketako adituak, Aitziber Gonzalez arkeologoak eta Onintza Odriozola soziologia doktoreak.

Gasteizko BIBAT, Irungo Oiasso Museoa eta Bilboko Arkeologi Museoa aztertu dituzte ikerketan eta ondorioztatu dutenez, ez dago emakumeen presentzia argirik museo arkeologikoen kontakizunean. Edukiek joera androzentrikoa dutela azpimarratu dute eta joera hori genero ikuspegiaren bitartez zuzendu behar dela, "emakumeen ekarpenik gabeko diskurtso historikoa ez legitimatzeko".

Azterlanean azaldutakoaren arabera, museoetako kontakizunetan gizonak beren komunitateetako funtsezko eragile gisa aurkezten dira, eta emakumeak, berriz, ez dira funtzio politiko-sinbolikoak garatzen agertzen; genero-estereotipo tradizionalen arabera egindako diskurtsoak transmititzen dira, eta maskulinitate hegemonikotzat hartzen duguna soilik bistaratzen da.

Ikusgai dauden objektuetan ere maskulinotasunaren zentraltasuna eta garrantzia antzeman dute, eta eremu femeninoei dagozkienak bigarren mailako zerbait balira bezala erakusten direla, zerbait osagarria. Egiaztatu da tradizioz femeninotzat jotzen diren funtzioak ia ez direla agertzen, eta, gainera, ez direla funtsezkotzat deskribatzen bilakaera historikoan.

Azterlanak landu beharreko bi alor nabarmendu ditu: batetik, kontakizunetan eta diskurtsoetan beste jarduera batzuk txertatzeko lan egitea, hala nola zaintza, hazkuntza edo mantentze-jarduerak, "horiek funtsezkoak baitira bizirik irauteko"; eta bestetik, gaur egun agertzen diren jarduerak birformulatzea, jarduera askotan emakumeek ekarpenak egin arren, gaur egun gizonen parte-hartzea baino ez delako aipatzen.

Bestalde, arkeologiaren esparruan genero ikuspegia aplikatzeko beharraz gero eta kontzientzia handiagoa dagoela azpimarratu dute eta museotako hezkuntza-eskaintzan egiten den lana ere balioetsi dute, genero-ikuspegia duten ikasleentzako programen bidez besteak beste.