Arima: "Pilula txikiak argitaratzea nahiago dugu".

Arima taldeak "Biluztasunez Jantzita" deitutako EPa argitaratu berri du. Bertan doinu ilunak entzulea pentsaraztera bultzatzen duen letrekin uztartzen da emaitza ezin interesgarriagoa lortuz. Paule Bilbao abeslari eta konposatzailearekin mintzatu gara lan berriaz apur bat gehiago jakiteko asmoz.

Nahiz eta oraindik baduen shoegaze eta dream-pop ukitua, zuen lehen EP-arekin alderatutaBiluztasunez jantzita-ren soinuan doinu rockeroagoak bilatu dituzue?
Ez gara ezer bilatzera joan, abestiak konposatzean horrela suertatu zen. Gainera, talde moduan denbora gehiago daramagunez elkarrekin jotzen, gure soinua gehiago sendotu da, aurreko diskoarekin alderatuz antzematen da sonoritatean.

Aurreko EParen atmosferek begiak itxi eta hegan egitera gonbidatzen zuten entzulea. Oraingoak ordea, oinak lurrean edukiz norbere zaurgarritasunari begietara begiratzeko gonbita dela esango nuke. Horregatik Biluztasunez jantzita izenburua?
Bai, hori izan daiteke. Disko honen edukien isla dira letrak eta musika. Konposatzerakoan barnean izandako sentimendu horiek azalarazi ditudalako, emozionalki biluziz. 

Nolakoa izan zen EP berri honen sorkuntza prozesua?

Guztiak konfinamendu garaian idatzi eta konposatu nituen Ametsen noranzko errealistie kantaren letra izan ezik, Alex Uriarte idazlearena baita. Konfinamendua nahiko garai zaila izan zen eta bertatik ihes egiteko eta nire buruarekin konektatzeko beharra sumatu nuen. Horrela, etxeko lokalera jaisten nintzen eta bertan abestiak konposatzen hasi. Ondoren, gainerako taldekideekin abestiak borobildu genituen eta abuztuan Bonbereneako estudiora joan ginen Karlos Osinaga Txap-ekin diskoa grabatzera. Astebetean grabatu genuen.

Zein izan dira zure erreferenteak?
90. hamarkadako musika asko entzun dut eta nire oinarriak Sonic Youth, Nirvana, PJ Harvey… direla esan dezaket. Hala ere, ondoren, Shoegaze, Noise, Post-Rock, Hard-Core estiloak ezagutu nituen eta mundu honetan murgildu nintzen. Beraz, Slowdive, Touché Amoré, Birds in row, Nothing, Nudozurdo, Caspian… dira orain arteko talde gustokoenetako batzuk.

Zein dira kantu sorta berri honekin zehaztu dituzuen helburuak?
Ez dugu epe luzerako inolako helbururik ezarri, orain aurkezpen kontzertu batzuk emango ditugu eta hauek gozatzea da helburua.

Letra ilunak dira, dudaz eta galderez josiak, abesti batean diozuen bezala gure pentsamenduaren biktimak al gara?
Esango nuke baietz, gure gogamena gure etxea da eta hau antolatu, garbitu eta berreraiki behar dugu leku eroso bat bihurtzeko. Disko honetako letrek nolabait barneko sentimendu, emozio eta pentsamendu horiek azaleratzen dituzte eta nahiko pertsonalak direla esan dezaket.  Sufriarazten gaituen sentimenduei edota pentsamenduei erreparatzea eta hauek onartzea beharrezkoa da hazkuntza pertsonala eman dadin. Gainera, barneko ezinegon hau zerbait bisual edo kasu honetan musikalean bihurtzen badugu oso lagungarria izan daiteke gure burua hobeto ulertzeko, introspekzio ariketa bat bezala. Sufrimendua transformatzeko gaitasun hau tresna terapeutiko indartsu gisara erabili daiteke eta guztiok modu batean edo bestean landu dezakegun zerbait da; garai hauetan are gehiago.

Zenbaterainoko garrantzia dute letrek zuen musikan?
Lehen baino gehiago esango nuke. Niretzat betidanik instrumentazioak garrantzi handia izan du, baina letrei errespetu asko diet eta azkenaldi honetan hauek gehiago lantzen aritu naiz, izugarrizko boterea baitute bai gizarte arloan, bai pertsonalean.

Eta irudiak? Iosune de Goñi argazkilari bikaina arduratu da zuen azaleko irudiaz...
Bai, azaleko irudiaz eta barneko irudi guztiez. Bere lana ezagutzean izugarri gustatu zitzaidan eta gure kontzeptuarekin eta esentziarekin harreman handia zuela iruditu zitzaidan. Argazkiak Nafarroako baso batean atera genituen eta berak erabiltzen dituen karreteak eta filtroak oso aproposak dira gure musikarekin transmititu nahi duguna islatzeko.


Zer moduz daramazue pandemia egoera hau?
Ba guztiok bezala nahiko nekatuta Ziurgabetasun egoera hau oso luze egiten ari da eta gure sektorean eragin negatiboa nabaria da, nahiz eta guk lotu ditugun kontzertuekin oso pozik egon. Hala ere, erakundeek kulturari babes gehiago ematea beharrezkoa dela deritzot, eta etorkizunean egoera hau pixkanaka hobetzea espero dut.
 
Zer aurkituko du zuen kontzertuetara hurbiltzen denak?
Kontzertu berrietarako set-list berria prestatzen ari gara, disko berriko abestiekin. Gainera, aurreko kontzertuekin alderatuz, kontzertua pieza oso bat bezala eskaintzea da gure helburua, entzuleekin konektatuz.

Oraingoz
bi EP kaleratu dituzue, hurrengoa jada lan luze bat izango da ala disko laburragoen aroa da?
Bai, pilula txikiak argitaratzea nahiago dugu, hala ere ez dakigu etorkizuneko lanek zer nolako noranzkoa hartuko duten. 
 

Arima taldea zuzenekoan ikusteko hemen aukerak:
2021.05.16  Azkoitia Matadixe
2021.05.22 + Ikarass Berriz Kultur Etxea
2021.05.29 + Baereh Tolosa Bonberenea
2021.06.05 + Abereh + Sofa + Lepora Gasteiz Jimmy Jazz
2021.06.12 + RO Astras Gernika