'Argi gorriak' telesailaren osagaiak: Itziar Ituño, komedia garratza eta thrillerra
Martxoaren 20an estreinatuko da Primeran plataforman.
Bartzelonako Serielizados telesailen jaialdian estreinatu ondotik, martxoaren 20tik aurrera ikusi ahal izango da Argi gorriak telesaila Primeran plataforman. EITBk azaldu duenez, Alex Merinok, Alejandra Arrospidek eta Alberto Gastesik sortutako telesailak umorea, intriga eta familia drama uztartzen ditu, "ikuspegi fresko batekin".
Elena Mugika da telesaileko protagonista nagusia, Itziar Ituño aktoreak jokatutako rola. Elena bikoizketako aktorea da eta bere urterik sutsuenak igaroak dira jada. Errutinan murgilduta bizi da eta ustekabean haren senar ohia itzuliko da. Iktusa izan du eta, gainera, heriotza-mehatxua jasoko du.
Mugika familia ez da sekula ondo moldatu, baina haien bizitzak salbatze aldera, elkarrekin lan egin beharko dute. Aita azken urteetan zer istilutan sartu den jakin beharko dute, auzia ahalik eta azkarren konpondu eta bakoitzak bere bidean jarraitzeko.
Euskarazko telesaila da, 30 minutuko zortzi atalez osatua. Hainbat gai ditu jomugan: aukeratutako familia, identitatea, talka kulturala, lan prekarietatea eta LGTBIQ+ ikusgarritasuna. Gai horiek guztiak "kutsu lotsagabe, arin eta guztiz emozionalean" lantzen dituela nabarmendu dute.
Alberto Gastesik zuzendu du, eta Ituñoz gain, aktore hauek ere parte hartu dute ekoizpenean: Nerea Sanz, Arnatz Puertas, Iñigo Gastesi, Yangxi Chen, Iñigo Rodríguez, Klara Badiola, Miren Gaztañaga, Sara Cozar, Guiomar Puerta, Aitor Beltran eta Jon Lukas Puertas.
Vidania Filmsek ekoitzi du telesaila, EITBren partaidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.