Argentinako gobernuak bere lanpostuen %1 trans pertsonentzat gordeko ditu

Argentinak trans eta trabestiek lana izan dezaten lan kuota bat sortu du gobernuaren lanpostuetan. Pertsona hauek historikoki bazterkeria jasan dute eta lan aukera urriak izan dituzte.

Gobernu Argentinarrak trans pertsonen inklusioan pausu bat aurrera eman du. Alberto Fernández presidenteak trans pertsonentzat lan kuota bat bermatzen duen dekretua sinatu zuen. Hemendik aurrera Estatuaren lanpostuetako %1 trabesti edo pertsona transexualek bete beharko dituzte. 

Neurria sare sozialetan ezusteko batez zabaldu zen. 721/2020 dekretua Argentinako lehena da trans komunitateari lan bilaketan laguntzeko borondatea duena. Testuaren arabera, trans biztanleriaren bizi itxaropena aldatzea da helburua, izan ere, komunitate honetako pertsonen bataz besteko bizitza itxaropena 35-40 urte bitartekoa da. 

Neurri honen barruan sartzen dira euren burua trabesti edo transexual hautematen duten guztiak; hau da, ez du exijitzen pertsona horiek genero identitate aldaketa egina izatea euren dokumentuetan lanpostua eskuratzeko. 

Gainera, talde disidente honen hezkuntza estimulatzea ere bilatu nahi da. Dekretuak ahalbidetzen du trans pertsonek lanpostua eskuratzea eskola bukatua ez izanagatik, baina euren ikasketak amaitu beharko dituzte lanpostua mantendu nahi badute. 

Emakume eta Generoaren ministerioak erregistro bat sortu zuen Estatuak jakin dezan zein diren lana bilatzen ari diren transexualak. Erregistroan izen ematea boluntarioa da, baina administraritzari pertsona hauekin harremanetan jartzen lagunduko dio. Behin dekretu honen arau guztiak ondo zehaztuta herrialde osoan aplikatuko da.