Argentinako 'Anima Zaitez!' kultur trukerako programan parte hartzeko deialdia zabalik da
Euskal Herriko 21 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta eskaerak maiatzaren 12ra arte egin daitezke.
Villa Mariako Euzko Etxeak (Cordoba, Argentina) Anima zaitez! kultur trukerako programaren seigarren edizioa jarri du martxan. Deialdia Euskal Herriko 21 eta 30 urte bitarteko gazteentzat da, eta Argentinako euskal komunitateko kideak ezagutu, euskal kultura Argentinan zabaldu eta ezagutaraztea du helburu.
Hamabost eguneko egonaldia izango da, uztailaren 14tik 31ra, eta Euskal Etxeko familiek eskainiko dute ostatua. 0torduak familien eta Euskal Etxearen esku egongo dira eta programarekin zerikusia duten gastuez Euskal Etxea arduratuko da (materialak, etab.). Euskal Etxean garatuko da egitasmoa (Villa Marian, Cordoban), baina herriko kaleetara ere zabalduko dute aurten.
Programan parte hartzeko 21 eta 30 urte bitarteko euskalduna izan behar da, gaztelaniaz ere hitz egiten duena, eta gutxienez hauetako bi arlotan ezagutza izan behar du: euskal dantza, euskara, euskal kirola, sukaldaritza edota euskal musika. Antolatzaileek azaldu dutenez, ez da arlo horretako diplomarik behar, "ezagutza zabaltzeko gogoa" besterik ez. Uztailaren bigarren hamabostaldian Argentinara bidaiatzeko aukera izan behar da eta bidaia gastuak bere kontu izango dira. Bestetik, Euskal Herrira itzultzean, egindako jarduera eta programa zabaltzeko laguntza emateko konpromisoa hartu beharko da.
Deialdian parte hartu nahi dutenek galdetegi hau bete beharko dute eta euskal kultura oinarri hartuta, bertara eramateko proposamen kulturala bidali beharko dute, bideo formatuan edo idatziz. Eskabideak maiatzaren 12ra arte egin ahal izango dira.