Aranzadiren XXII. Arkeologia Jardunaldiak hasiko dira gaur

Eneko Hiriartek gure lurraldeetako lehen txanponen inguruko solasaldia emango du.

Aranzadi Zientzia Elkarteak XXII. Arkeologia Jardunaldiak antolatu ditu gaurtik larunbatera bitarte, Donostiako San Telmo museoan.  Unean uneko azken ikerketa arkeologikoekin lotutako gaiak landuko dituzte.

Gaur, Eneko Hiriart ikertzaileak eskainiko du hitzaldia. Mintzaldi honetan aurkeztuko du nola agertu ziren lehen txanponak gure lurraldeetan K.a. azken bost mendeetan. Txanponen dinamikak ikertuz, Pirineoen bi aldeko populuak, kultural berezitasunak eta harremanak azalduko ditu.

Hurrengo egunetako hitzaldiak hauek izango dira: Asier Gomezek Euskal Herriko lehoiez hitz egingo du; Patxuka de Miguelek emakume eta haurtzaroari buruz arkeologian; eta Joseba Rios neardentalen inguruan arituko da, eta D Geoffroyren Neardental dokumentala proiektatuko dute.

Hitzaldiak San Telmo Museoan izango dira, 19:00etan, eta sarrera doakoa izango da. Gaurko, biharko eta etziko saioak streaming bidez eskainiko dira museoaren youtube kanalean.

Familientzako tailerrak

Jardunaldiekin lotuta, familientzako tailerrak antolatu dituzte otsailaren 17an eta 24an. Paleolito garaiko gizakiaren bizimoduak eta paisaia ezagutuko dituzte parte-hartzaileek. Haien tresnak eta irudikapen artistikoak ere ikusiko dituzte, eta horiek erreproduzitzen saiatuko dira.