Arantxa Urretabizkaiak irabazi du 111 Akademiaren Saria

'Azken Etxea' eleberria izendatu dute irakurleek 2022ko libururik gogokoena.

111 Akademiak Arantxa Urretabizkaiari (Donostia, 1947) emango dio 2022ko 111 Akademiaren Saria, akademiakideek Azken etxea eleberria hautatu baitute, botoen bidez, 2022ko libururik gogokoena. 

212 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietako 114k parte hartu dute 2022ko sariduna izendatzeko aurtengo urtarriletik apirilera izandako hiru bozketa txandetan. Urretabizkaiaren lanak Anjel Lertxundiren Desertuan behatxuloa saiakera izan du lehiakide azken bueltan.

Jendaurreko sari-emate ekitaldia ekaineko bigarren astean egiteko asmoa dutela jakinarazi du 111 Akademiak.

Sariaren hogeita zazpigarren edizioa da aurtengoa eta hainbat idazle ezagunek jaso dute saria, hala nola, Anjel Lertxundik, Pako Aristik, Lourdes Oñederrak, Karmele Jaiok, Irati Jimenezek, Ur Apalategik, Harkaitz Canok eta Eider Rodriguezek.