Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta, Joseba Larratxe, Maialen eta Joxe Mari Berasategi eta Miren Billelabeitiak irabazi dute Euskadi Literatura Saria

Alejandro Morellon eta Ander Izagirre ere saritu dituzte gaztelaniazko alorrean.

Euskadi Literatura sarietako hiru irabazleren berri eman zuten joan den astean eta gainerakoak ere jakinarazi berri dituzte. Euskarazko Literaturaren alorrean, Arantxa Urretabizkaia Bejarano izendatu dute irabazle, Azken Etxea (Pamiela) liburuarengatik. Urretabizkaiaren obrak “eskaintzen dituen ezaugarri formal eta hautu estetiko bereziak” azpimarratu ditu epaimahaiak, baita “ikuspegi zein planteamendu narratiboan harturiko arriskuak ere”. “Konta teknikak bihurritu izana eta askotariko ahots eta ikuspegien erabilera” ere nabarmendu dute.

Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan Patxi Zubizarreta Dorronsorok irabazi du, Zerria (Erein) lanarekin. Gazteei zuzendutako eleberri laburra  “errazkeriatik eta gazte literaturaren topiko tipikoetatik aldentzen den literaturazko lan landua” dela adierazi du epaimahaiak: “Ez da obra gomendagarri bat bakarrik, baita literaturaz gozatzeko, pertsona moduan hazten joateko eta literatura zer den eta nola egiten den jakiteko adibide guztiz egokia ere”. 

Literatur Lanaren Ilustrazioari dagokionez, berriz, Joseba Larratxe Berazadi izendatu dute garaile, Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar) komikiarengatik. Epaimahaiaren iritziz, “oso ondo landutako eta ebatzitako” lana da. “Proposamen fresko eta oroigarria da, erreferentzia eta sinbolismo kulturalen asko jasotzen dituen obra konplexua, baina irakurketa arina du. Mikel Laboaren musikaren erritmoa eta ikusizko interpretazioa nabarmentzen dira, baita ikuspegi desberdinen presentzia ere, hainbat irakurketa geruzarekin”, adierazi dute.

Euskarazko Literatura Itzulpenaren saria Maialen Berasategiri eta Joxe Mari Berasategiri ematea erabaki du epaimahaiak.  Abdulrazak Gurnah Nobel Saridunaren Paradisua obraren euskarazko itzulpena egin dute eta epaimahaiko kideen ustez “irakurketa gozoko testua” lortu dute itzultzaileek, “itzulpen mekanikotik behar adina urrunduta”. Epaimahaiaren hitzetan, “euskara idatziaren tradizio klasikotik aldendu gabe, Afrikako mundu urrun eta arrotza inolako oztoporik gabe hurbiltzen zaio euskal irakurleari, gozamen eta atseginbide bihurtuz belarriarentzat liburu honen irakurketa”.

Euskarazko Saiakeraren alorrean, Miren Billelabeitiaren Norberak maite duena liburua hautatu dute irabazle. Obraren “estilo dotorea, idazkera jasoa, prosa zaindua eta fina” nabarmendu dute epaimahaikoek, eta “testu biribila” dela adierazi dute.  “irakurketaren plazerra eta garrantzia defendatzen du, eta proposatzen du metodologia dialogikoaren bitartez, klasikoak eguneko gaietara eramatea, gazteekiko hartu-emana izatea eta irakurle gazteen arreta piztea”.

Gaztelaniazko Literaturaren saria Alejandro Morellón Marianoren El peor escenario posible (Fulgencio Pimentel) liburuarentzat izan da eta Gaztelaniazko Saiakerarena, berriz, Ander Izagirre Olaizolaren Vuelta al país de Elkano (Libros del K.O.) lanarentzat.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 15ean egingo da, Getxoko Muxikebarri Zentroan.