Araba Euskaraz jaia igandean egingo dute Gasteizen

Hiru gune izango dira Olarizun, eta haurrentzako ikuskizunak, musika, dantza eta bertsoak izango dira, besteak beste.

Duela berrogeita bat urte ospatu zen lehendabiziko Araba Euskaraz, Gasteizko Olarizun, eta berrogeita bigarrena ere bertan izango da. Arabako zortzi ikastolek bat egingo dute Trebiñuko Argantzon ikastolaren alde, "Trebiñu baitugu zortzigarren kuadrilla, Trebiñu baitugu zortzigarren alaba".

Gasteizko Eraztun Berdean kokatua dagoen Olarizun elkartuko dira, hiriaren hegoaldean. Bertan borobilduko dute ikasturtean zehar antolatu duten ekintza-sorta, eta jai eguna ospatuko dute. "Familia eta lagunarte giroan ospatzeko jaia izatea nahi dugu, euskara belarrietan eta ahoan dugula ospatu nahi dugu. Euskal kulturari eta euskarari eskaini nahi diegu Gasteizko txoko eder eta paregabe hau".

Goizeko hamarretan emango diote hasiera jaiari, Olarizuko Etxaldean egingo duten hasiera eta omenaldi ekitaldiekin. Aurten  auzolana eta elkarlana azpimarratu nahi dituzte, eta urte hauetan guztietan antolatutako jaietan ikastola bakoitzeko komunitatean lan aipagarria egin duten pertsona bana omenduko dute. Bestetik, urte askoan Araba Euskaraz antolatzeko koordinazio lanetan aritu den, eta egun erretreta hartua duen, Anjel Olalderi ere egingo diote aitortza. Halaber, Alea aldizkaria ere omenduko dute. 

Ondoren, 11:00etatik aurrera, Olarizu parkean prestatutako hiru guneetan egun osoko egitaraua izango da, zazpiak aldera arte. Haritza gunean, arte eszenikoak izango dira Armentia ikastolaren eskutik, Ene Kantak ikuskizuna, Perli eta Koxkoloren Bidaia liluragarria, zunba, Zortzi alaba kantari abestiaren koreografia eta Goazen!-en emanaldia.  Eroskiren elikadura eskola, Euskaltelen txirrindularitza pista eta puzgarriak ere egongo dira.

Pagoa gunean, berriz, Euskal Dantzen Topaketa, Algara dantza plaza, Erabatera taldearen emanaldia, Alea-ren Patata minak antzezlana eta Kai Nakai-ren emanaldia izango da. Goizean DBH eta LHko ikasleentzako Erronka eta Haurren Basoa ere egingo dute, eta egun osoan zehar tonbola, Araba  Euskaraz denda, eta Puntu Morea bertan egongo dira kokatuta. Jatekoa ere izango da, paella eskainiko baita. 

Azkenik, Ametza gunean,  bertso-saioa izango da eta talde hauen kontzertuak: Intxixu, Keu Agirretxea, Sukasuan eta Oxabi. Elikagaien taupadak ikuskizunaren bost emanaldi ere izango dira gune horretako Kaiku agertokian, eta Eusko Label gunea ere bertan kokatuko da, atun pintxoekin.

Gainera, gunez-gune ibiliko dira Aldats elektro-txaranga, Gasteiz Kantuz eta Kidam magoa. Bestalde, Arabako Herri Arteko Pilota Txapelketaren finala Araba Euskarazen baitan jokatuko da, 10:30ean, Adurtzako pilotalekuan.