Antzinako eta Bigarren Eskuko Liburu Azoka Gasteizen

Gaurtik uztailaren 11ra egongo da irekita Gasteizko Zeledonen plazan, goizez zein arratsaldez.

Osasun larrialdiak hainbat kultur ekitaldi antolatzea eragotzi zuen iaz, horien artean Gasteizko Antzinako eta Bigarren Eskuko Liburuen Azoka. Hogeita seigarren edizioa izango da aurtengoa eta Urrezko Zeledonen plazan egongo da zabalik uztailaren 11ra arte. Asilo del Libro, Torres de Valencia, Arkadia, Xabier, La Ela, Eurolibro, Maxtor eta Sekhmet liburu dendek zortzi saltoki jarriko dituzte eta postuak  11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango dira irekita egunero. 

Ekimena ALVE Euskadiko Antzinako Liburuen alorreko Enpresaburuen Elkarteak antolatzen du urtero, Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Udaleko kultura zinegotzia den Estibaliz Cantok "poz handia" adierazi du iazko hutsaren ondoren azoka berreskuratu ahal izanagatik. "Irakurzaletasuna eta liburuen inguruko ekimenak sustatzen jarraituko dugu; gainera, ez dezagun ahaztu zenbat lagundu diguten liburuek hilabete zail hauetan", azaldu du zinegotziak.  

Azoka Espainiako Estatuko beste hiri batzuetara ere joango da, hala nola Bartzelona, Bilbo, Donostia, Valentzia eta Valladolidera.