Antzerkigintza berriak hautatzeko deialdia egin dute Donostia, Bilbo eta Gasteizko antzokiek

Gehienez, zortzi proiektu hautatuko dituzte laborategien bidez antzezlana gauzatzeko. Sortutakoetatik aukeraketa egingo dute ekoizpena egiteko.

Gasteizko Principal Antzokiak, Bilboko Arriaga Antzokiak eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak Antzerkigintza Berriak programa jarri dute martxan, zazpigarren urtez, dramaturgo berriei eta beste arte-arlo batzuetan jardun izanda (literatura, zinema…) sorkuntza eszenikoan aritu nahi dutenei antzerki-mundurako sarbidea errazteko. 

Zortzi sortzaile hautatuko dituzte, gehienez, antzezlan bat gara dezaten, eta arte eszenikoen profesionalen gidaritzapeko prozesua izango da, zeina parte hartzen duten hiru antzokietan egindako laborategien bidez gauzatuko baita. Laborategi horiek iraila eta azaroa bitartean egingo dira. Sortutako obra dramatikoen artetik bat, bi edo hiru hautatuko dira eszenaratzeko, parte hartzen duten hiru antzokiek ekoitzita. 

Deialdian parte hartu nahi dutenek posta elektronikoz bidali beharko dute dokumentazioa arteeszenikoak@donostia.eus helbidera, “Antzerkigintza Berrien Deialdia” izenburupean, martxoaren 31ko 18:00ak baino lehen. Beharrezko datuez gain, hiru minutuko aurkezpen bideoa ere helarazi beharko da. 

Maiatzaren azken aldera jakinaraziko dute hiru antzokietako ordezkariek osatutako batzordearen erabakia. Eskatzailearen ibilbide orokorra, aurkezpenaren interesa, eta proposamen eszenikoaren abiapuntuaren originaltasuna eta interesa hartuko dituzte kontuan batzordekideek. Aukeratutako proiektuek 3.300 euroko diru-laguntza izango dute, proiektuan jardutearen eta laborategietako dieten truke. 

Oinarriak hemen daude kontsultagai. Informazio gehiago nahi izanez gero, arteeszenekoak@donostia.eus helbide elektronikora idazteko jakinarazi dute. 

Aurreko edizioetan, 2015etik 2021era, honako lan hauek hautatu dituzte: Olatz Gorrotxategi eta Lander Iglesiasen Coordenadas;  Mikel Guerra eta Fernando Bernuesen Soka; Oier Gillanen Miss Karaoke; Kepa Errastiren Erlauntza; Tamara Gutierrezen Galerna; Maria Goiricelayaren El patio de mi casa; Galder Sacanellen La celda sin noche; Paco Gamezen Solo Críos, Críos solos; eta Alexandru Stanciuren ¿Quién nos disparó después del 22? ¿Y ahora?.