Antzerkia omentzeko eguna
Antzerkiaren Nazioarteko Eguna martxoaren 27an ospatzen da; eta zuk, ze plan duzu?
Gaur, martxoak 27, mundu osoan antzerkiaren aldeko adierazpenak egingo dituzte; besteak beste, nazioarteko ospea duen idazle batek apailatutako testua zabalduko dute urteroko tradizioari jarraiki. Eguna Unesco erakundearen Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak (ITI) sortu zuen, 1961an. Hain zuzen, aurtengo mezua Carlos Celdrán irakasle kubatarrak zabaldu du International Theatre Instituteren bitartez (Irakurtzeko hemen). Euskal Herrian ere hainbat jarduera antolatzen dira: antzezlanak aurkeztea, adierazpenak irakurtzea, kaleko jarduerak... Beraz, gaur antzerkia omentzeko asmoa baduzu, ez galdu Bilboko Campos Elíseosen 19:30ean eskainiko duten Izotza apurtzen den ertza edota Donostian egun hau ospatzeko Victoria Eugenian egingo duten emanaldia, Donostia Antzerki sariaren entrega eta ondorengo ikuskizuna.
"Lan gatazka" Donostia Antzerki Saridun obran
Hain zuzen, aurtengo Donostia Antzerki saridun obra ez da taularatuko Victoria Eugenian, eta horren ordez, bigarren postua lortu duen obra izango da ikusgai. Vaiven konpainiak ekoiztutako Sherezade eta tipularen azalak lanak eskuratu du Donostia Antzerki Saria, eta normalean, antzezlan irabazlea oholtzaratzen da ekitaldiaren ondoren; kasu honetan ez dela hala izango iragarri zuten antolatzaileek, eta bigarren lekuan geratu den hautagaitza izango da eszena gainean jarriko den obra; hots, Axut taldearen Zazpi senideko.
Iraia Elias, Miren Tirapu eta Xabi Donosti aktoreek gertatutakoaren atzean dagoenaren berri eman dute, ohar bateratu bidez. Aktoreek diotenez, prestutasuna agertu dute antzezlana berriro oholtza gainean jartzeko, baina azkenean, eta konpainiak hala erabakita, ez da posible izan: "Esan beharra dugu lan baldintzen gatazkarekin arrastaka ibili garela antzezlanak izan duen ibilbide osoan. Gure lana ez da ekonomikoki baloratua izan eta tamalez ez dira lan baldintza minimoak bete".
Sherezade eta tipularen azalak