Antzerki Sormen Laborategian izena emateko epea zabaldu dute
Urritik ekainera izango da laborategia, astean behin, Xanti Agirrezabalen gidaritzapean.
Azpeitiko Antzerki Sormen Laborategian antzerkia dute bitartekoa eta helburua. Antzerkiaren zirrikituak, moduak, arnasak eta sekretuak ikasteko bideak urratzen hastea da asmoa.
Laborategiaren helburuen artean honako hauek daude: irudi eszenikoak sortzen, desegiten, irakurtzen eta erabiltzen ikasten hastea; gorputza askatzea, norberaren lotsak kudeatzen ikastea; interpretazioaren bidez kontatzeko tresna propioak garatzea; eta kontakizun propio nahiz kolektiboak gauzatzea.
Horretarako, hainbat eduki landuko dira: inprobisazio teknikak, pertsonaia bat sortzeko teknikak, irudimena aktibatu eta kontakizun propioak sortu, testuak erabiliz eszenak antzeztu.
Bederatzi hilabeteko iraupena izango du laborategiak, urritik ekainera. Astean ordu eta erdiko saio bat egingo da, asteazkenetan, 19:30etik 21:00etara. Xanti Agirrezabal aktore eta sortzaileak gidatuko ditu saioak eta taldea 8-12 lagunekoa izango da.
18 urtetik gorakoei zuzenduta dago eta antolatzaileek azaldu dutenez, "oholtzarekin, gorputzarekin, antzerkiarekin beste harreman modu bat nahi duen edonork dauka lekua laborategian, aurrez inoiz ibili gabea izanda ere".
Izen-ematea irailaren 24ra arte izango da zabalik eta formularioa bete beharko da.
Hemen bildu dituzte xehetasun gehiago.