Antzerki Jaialdia Erriberrin
Antzerkia, musika, poesia eta dantza biltzen dituzten ikuskizunak izango dira abuztuaren 1era arte. Gaur, 22:00etan, 'Tránsitos' antzezlana izango da eta bihar 'Chicas y chicos'.
Erriberriko Antzerki Jaialdiaren XXII. edizioa izango da aurtengoa eta abuztuaren 1era arte iraungo duen duen programazioan musika, poesia, antzerkia eta dantza bildu dituzte. Aurreko asteburuan hasi zuten jaialdia eta emanaldi hauek izan ziren, besteak beste: Carmen Linaresen flamenko ikuskizuna, Lorcaren inguruko antzezlana eta Juan Carlos Rubiok zuzendutako La Isla antzezlana.
Gaur, 22:00etan, Amico Teatro konpainiak Tránsitos ikuskizuna eskainiko du. Antzerkiaren, dantzaren edo instalazio artistikoaren arteko mugak nahasten dituen muntaia da. Bihar, ordu berean, El Sol de York ekoizpenaren Chicas y Chicos izango da ikusgai, Dennis Kellyk idatzia. Emakumeei, indarkeria matxistari eta horrek seme-alabengan duen eraginari buruzko "testu feminista eta barneratzailea da, hunkigarria eta gogorra aldi berean".
Ostegunean Miguel Goikoetxandiak zuzendutako Vencidos antzezlana izango da gozagai, emakume belaunaldi baten inguruko istorioa, ondokoei emanak eta aukerarik gabe bizitakoak. Ostiralean, berriz, ezaguna den aurpegia igoko da Erriberriko oholtzara. Hector Alterio aktoreak Como hace 3.000 años obra antzeztuko du, berak zuzendua. Gizakia, borroka, askatasunarekiko maitasuna eta identitatea nagusitzen dira Leon Feliperen inguruko istorioan. Larunbatean La Batalla de los ausentes antzezlana eta igandean Nise. La tragedia de Ines de Castro izango dira.
Ikuskizun horiez gain, Ion Iraizozen Beautiful stranger, William Shakespeare-n testuan oinarritutako Tito Andrónico, Federico García Lorcaren Yerma-n oinarritutako La pasión de Yerma, eta Raymond Carverren testu batetik moldatutako De qué hablamos cuando hablamos de amor antzezlanak izango dira.
Abuztuaren 31n Oinak lurrean ikuskizuna eskainiko du The Lyrical View taldeak. Nafarroako musikari gazteek eta Saioa Goñi sopranoak osatzen dute ikuskizuna, "gure lurraldeko tokirik ederrenetara musikaren eskutik garamatzana". Gure tradiziotik edaten duen errepertorioa aurkezten dute, pieza garrantzitsuenak eta hain ezagunak ez direnak txandakatuta. Musikaz gain, paisaia ikonikoak erakusten dituzten ikus-entzunezkoak ere izango dira.
Kokaleku nagusitik kanpo ere antolatu dituzte ekintzak, hala nola, Conservando memoria antzezlana kultur-etxean ostiralean eta Fernando Cayoren Por todos los dioses ikuskizuna Tafalla kulturgunean larunbatean. Egun eta toki ezberdinetan eskainiko dituzte ondorengo obra hauek ere: Superhombre; Viaje a pie; Vacio; eta Adrenalina, feniletilamina, oxitocina y otra hormonas. Amaitzeko, abuztuaren 1ean La Banda Teatro Circo-k Deventres ekarriko du agertokira.
Egitarau osoa biltzen duen programa.
Sarrerak salgai
Sarean eskura daitezke emanaldietarako sarrerak jaialdiaren webgunean zein Baluarteren webgunean. Lehiatilan ere eskura daitezke Iruñeko Baluarten, Erriberriko Turismo Bulegoan eta Kultur Etxean, Tafalla kulturgunean eta Beireko Ezpeleta jauregian.