Antton Etxeberria: "“Lehen ia erotzat nindutenek ulertu naute orain”"

Antton Etxeberria eta bere adiskideak Internetek egin ditu ezagun. Freeridean ibiltzen dira bizikleta gainean, eurek beraiek prestatutako bideetan behera jauzika. Bideo ikusgarri bat baino gehiago grabatu eta igo dute YouTubera. Sareak egin du beste dena. 


Donibane Lohitzunekoa den arren, azken urteetan askoz denbora gehiago pasatu du Antton Etxeberriak Ibardineko maldetan barrena, nekaezin. Galdetu etxekoei. Orain dela sei bat urte, 20 zituenean, deskubritu zuen bizikleta gainean libre ibiltzearen plazera: bideak lehenik buruan irudikatu, ondoren eraiki eta azkenik bi gurpilen gainean probatzea. Baratzetan dabil lanean, "ez naiz freeride profesionala, ez oraino".

Ibardineko azken bentan bildu gara mahai baten inguruan. Furgoneta zurian heldu da eta, kafearen ostean, furgoneta zurian eraman gaitu basoan prestatuta duten pista oineraino. "Furgoneta dudanetik, kontrol polizial guztietan gelditzen naute", dio; inguru honetan ez dira gutxi. Eta tokatu zaigu: "¿Sois españoles o franceses?" (Zer zarete, espainolak edo frantsesak?)...

Pinuz eta iratzez betetako paraje hauetan grabatu zuten Pista prest dago, YouTuben sekulako arrakasta izan duen 9 minutu eta 39 segundoko laburra. Gutxik dakite, ordea, bide hori euren irudimenean besterik ez dagoela. "Non dago jaitsiera hori?!, galdetzen digu jendeak. Inon ez, gure buruetan". Lehenik imajinatu egin zuten, eta, ondoren, puskak batu: Larrunen hasi, Ibardinen ondoren, segi Urdazubin, eta Jaizkibelen amaitu. Kirol hau maite duten guztiengana iritsi da proiektua, munduko bazter guztietara, "eta orain denek etorri nahi dute Euskal Herrira!". Urtetako lanaren uzta orain jaso dutela kontatu digu, lehen askok ia erotzat zutela "beti hor zara, bakarrik, zure oihanean…", baina orain, kaletik doala, jendeak zoriondu egiten duela.  

Txapela eta pala daramatzan tipoa dela esanda, oraindik despistatuta zebilenak ere jakingo du norekin izan garen hizketan. 'Basque shepherd shaper' esaten diote, bideak moldatzen dituen euskal artzaina-edo. Freeriderra, pista diseinatzailea eta kamera gizona, hortaz. Gehiegi azaldu nahi ez dituzten teknikekin filmatzen dute, argazki kamerak erabilita eta beti abiadura naturalean editatuta, "ez ditugu irudiak trukatu nahi". Ondoren, musika librea gehitzen dute.
Anttonek berak eta Alexek –Azkaineko lagunak– erakustaldia egin digute elkarrizketa hornituko duten argazkietarako, eta zin dagit edonor kikiltzeko modukoa dela hauetako salto bat bertatik bertara ikustea, lur hartzen entzutea eta abiadura sentitzea.

Zerbait berria prestatzen ari zaretela aurreratu zenidan telefonoz. Zer da?

Gure proiektuaren barruan filmak edo bideoak egiten segitzeko asmoa dugu. Alpeetan grabatuko dugu bat, beste bat Andorran, beste bat Kanadan, eta seguru aski laugarren bat ere bai Astun aldean, baina oraino deus ez da segur. Guztiak aurten bukatu nahi ditugu, beti hainbat profesionalen parte hartzearekin. Ondoan, marka ezberdinekin ere baditugu kontratuak eta, Dakine izenekoarentzat, adibidez, film bat egin behar dugu Euskal Herrian.

Pentsatzen dut hori izango dela zuen finantziazio iturri bakarra.

Bai, baina ez pentsa guk honetatik dirua ateratzen dugunik. Sponsorrek materiala ematen digute beraien irudia bideoetan agertzearen truke. Dirua ere eskatzen diegu bidaiak ordaintzeko: hegazkinak, hotelak, autoa behar baldin badugu... ez dugu dirua irabazten, baina bai abentura politak bizitzeko aukera. Momentukoz horrela funtzionatzen dugu.

"Momentukoz" diozu. Honetan luzez segitzeko asmoa duzu, ezta? Ez da momentuko beroaldia…

Ahal banu bai. Gustura nabil, aspalditik lanean, eta honetan jarraitu nahi dut.

Baina, goazen pixka bat atzera: nolatan iritsi zara honaino?

Motokross pixka bat egin nuen hau baino lehenago, gero BMXera pasatu nintzen –akrobaziak bizikleta gainean– baina ez nintzen gustura ibili. Duela bost edo sei urte izan nuen diziplina honen berri, pixkanaka hasi nintzen txirrindu gainean, pistak lantzen, hobetzen… hain gustura sentitu naiz beti… segitu, segitu, segitu… gero eta maila altuagoa ukan, salto handiagoak egin, ezker eskuin ibili jendea ezagutzen… eta azken aldian aski fite igo gara, bai.

Taldean aritzen zarete. Beti berberak?

Bai, gure proiektuetan bai behintzat. Kameran ni eta laguna –Damien Vergez, Pauekoa– gabiltza. Gero, txirrindu gainean badira beti hiru gazte, profesionalak ez direnak: bat Azkainekoa –Alexis Delgado–, bestea Tolosakoa –Cyril Braastad– eta hirugarren bat Cognac aldetik heldu da –Maxime Audoin–. Laugarrena beti profesionala izaten da, grabatzen dugun ingurukoa bertakoa. Saiatzen gara profesional hauek beren lekuan kokatzen. Andorran, ukango dugu Andorran ibiltzen den tipo bat, Kanadan kanadar bat, Alpeetan hango bat… honek ukitu profesionala ematen die gure lanei. Orain arte Fabien Cousinek, Anne-Caroline Chaussonek eta Kelly McGarryk kolaboratu dute gurekin.

Nola ezagutu zenuten elkar?

Lehengo udan elkartu gara denak. Alex aspalditik ezagutzen dut bera ere inguru honetan ibiltzen delako eta, nire antzera, biziki motibatua delako. Beti elkarrekin gabiltza, planak pentsatzen, gauza berriak egiten… joan den udan ere Alpeetara biok joan ginen, Alexek txapelketa batean hartu zuelako parte. Han Damien eta Max ezagutu genituen. Izan ere, camping batean egiten genuen lo eta Damien gure ondoan zen. Pauetik filmatzera heldu zela jakin genuen… hala hasi ginen hizketan, gerora beste behin ere elkartu ginen, telefono zenbakiak eta e-mailak trukatu genituen… horrela hasi zen harremana….

Baina nola sortu zen horrelako grabaketak egiten hasteko ideia?

Freeride frantses webgune batean bideo txapelketa bat martxan zela jakin genuen, eta lehen saria txirrindu bat zela, kalitatezko txirrindu bat. "Egin behar dugu…", Damieni luzatu nion proposamena, eta horrela jaio zen Pista prest dago 2010eko udazken hasieran.

Eta lehiaketa irabazi zenuten.
Bai, bai, aldearekin gainera –barrez–. Txirrindua saldu egin genuen eta irabazitako dirua guztion artean banatu genuen, sei edo zazpi lagunek parte hartu genuelako hartan. Handik aurrera, jende eta marka pila bat jarri ziren gurekin harremanetan...

...sare sozialei esker, batez ere YouTuberi esker.

Bai, bisita pila bat ukan ditugu eta mezuak heldu zaizkigu: "Bideo hori… ederra da!". Poliki-poliki, eta beti gure kabuz, guk edo gure ezagunek prestatutako pistetan gauza berriak egiten hasi ginen, eta Moustache gracias grabatu genuen Pirinioetan urte bereko udazken amaieran, Benasque aldean. Honek ere bide polita egin zuen sarean, markek interesa azaldu zuten eta hurrengo proiekturako sponsorrak ukan genituen. Zeelanda Berrira bidaiatu ahal izateko dirua ukan genuen, materiala eman ziguten eta Sweet as Bro grabatu genuen joan den otsailean. Bideoetan ongi azaltzen da nor diren gure babesleak, horrekin markek aski dute, beren irudia erakustea besterik ez dute nahi.

Euskal Herria modan jarri duzue gainera!

Bai –barrez–, Pista prest dagok munduko itzulia aski fite egin du. Jendea ohartu da gure oihanak biziki politak direla, ongi egin dugula lan eta pista ikusgarriak daudela hemen. Orain munduko txoko guztietatik etorri nahi dute hona jauziak egitera.

Baina, honetan, zein da Meka?

Kanada. Han orain dela urte aunitz hasi ziren. Baina orain bideoen eta argazkien bidez, mundu zabalean beste denok ere jakin dugu zer pasatzen den han, nola jarduten diren eta nork gure herrian zabaldu dugu. Frantzian mugimendu handia dago, Euskal Herrian ere gu eta beste batzuen artean ari gara…

Euskal Herriko beste horiekin izango duzue harremana, noski.

Bai, askotan elkartzen gara. Gehien mugitzen garenak, seguru aski, gu eta Berako gazte batzuk izango gara.

[Dena dela, azken aldiko ikus-entzunezko proiektu hauetan, Etxeberriak bere freerider alderdia baino gehiago garatu du kamera atzeko trebetasuna.]

Non ikasi duzu grabatzen eta editatzen?

Hasiera batean, taldean lanean hasi ginenean, nik ez nuen honetarako asmorik, hasiera batean behintzat grabatzea ez zen nire lana, Damienena baizik. Baina berak eta beste batzuek nola egiten zuten ikusi nuen, arreta jarri nuen horretan. Gainera, kamera laguntzaile bat behar zen eta Damien irakasten hasi zitzaidan. Bestalde, nik banuen neure begirada, neure-neurea, etxean ikusten ditudan bideo horietatik guztietatik ateratako ideiak, eta agian horregatik, aski fite harrapatu dut.

Grabatzeko erabiltzen dituzuen teknikak, baina, errezeloz gordetzen dituzue. Making offean apenas ageri da hori.
Dena erakustea ez da ona! –barrez–. Guk gure moldera egin ditugu filmaketak, eta oso pozik gaude emaitzekin. Baina bideoen kontuarekin badago lehia bat, eta gauza batzuk sekretuan atxikitzen ditugu, gure ideiak guretzat atxikitzeko.

Pista sekreturik ere baduzue? Surflariek izaten dituzte, ba, inorekin konpartitzen ez dituzten olatuak…

Ez, hori gurean ez da existitzen. Saiatzen gara Euskal Herriko pistak kanpoko jendeari ez sobera aipatzen, Interneten-eta publizitate gutxi egiten. Baina Euskal Herrian, gure artean, asko hitz egiten dugu eta elkarri erakusten dizkiogu prestatutako bideak, non kasu eman, non aparkatu autoak trabarik ez egiteko…

Zein dira onenak?

Niretzat, jauziak egiten ikasteko Ibardin da hoberena. Hemen gauzak hamar aldiz pentsatu ditugu egin aitzin, ondo kalkulatu dugu dena, eta oso salto handiak izan arren, oso seguruak dira, oso garbiak. Urdazubiko pista ere asko maite dut, luzeagoa da; eta bada Aiako Harrian beste txiki bat, laburra baina biziki polita. Gero, Larrungo eta Jaizkibelgo bide naturalak ere ederrak dira, ezagutu behar dira gero!

Irudietan txapela buruan eta pala lepoan ageri zara beti.

Bai, gure sinbolo bihurtu da. Pista prest dago proiektuan, filmatu zutenen izenak kredituetan ageri dira; eta txirrindu gainean jauziak egiten ibili zirenek ere badute protagonismoa irudietan. Nik orenak eta orenak pasatu nituen palarekin lurra mugitzen, zapaltzen eta saltoak prestatzen; baina hasieran ez nintzen inon ageri –barrez–. Pentsatu genuen pena zela hori, eta horregatik erabaki genuen ni ere sartzea Euskal Herriarekin lotuko gintuen zerbaitekin. Euskal txapelarena, palarena eta tokiko musikarena –Txoria txori– proposatu nuen eta, egia esan, jendeak asko maitatu du; Euskal Herriko jendeak bai, baina baita mundu osokoak ere. Sponsor batzuek ere eskatu didate euren proiektuetan horrela agertzeko! –barrez–.

Txapelak eta musikak, zuk esan duzun moduan, Euskal Herrian kokatzen gaituzte. Baina pala atzean dagoen lanaren adierazle da. Zenbat denbora behar izaten da horrelako pista bat prestatzeko?

Ez dago arau zehatzik. Hori justuki luzeraren araberakoa da, jauzi kopuruaren araberakoa, terrenoaren araberakoa… gainera, jendeak askotan ahal duen bezala egiten du, eta ez nahi duen bezala. Ezin da zernahi edozein tokitan egin, normala da. Pista prest dagorako, adibidez, hilabete bat pasatu genuen hiru edo lau lagun astean bizpahiru egunetan etorriz, justu lanetik atera eta gero, beste hiru edo lau orduz lurra lantzeko. Askotan harriak atera behar izaten dira, txikitu… lan handia da.

Gainera, zuek mimo handiz zaintzen duzue ingurua, txukuntze lana ere egiten duzue!

Bai. Orain dela urte batzuk arazoak ukan genituen gehienik jende aunitz heldu zelako guk prestatutako pistetara, eta ez zelako ingurua aunitz errespetatzen. Baina akordio bat ukan genuen Berako auzapezarekin eta, berak eskatuta, orain ez dugu kanpoko materialik ekartzen, bertakoa lantzen dugu. Egur hilak erabiltzen ditugu jauziak muntatzeko, ez ditugulako bizirik dauden zuhaitzak ukitu nahi, gainera ezin dugu. Askotan, saltoa jarri nahi dugun lekuan ez da egur hilik izaten, 400 edo 500 metrora atzematen dugu –barrez–, moztu, eta mugitu. Gero, heldu den jendeari ere eskatzen diogu mendia errespetatzeko, kasu ematen dugu dena garbi eta txukun gera dadin.

Eta, hala ere, egongo da kexatuko denik…

Ba bai, ez dira ohartzen guk leku hau handitzen ikusi dugula, denbora asko pasatu dugula hemen, sakrifizio handia dagoela atzean… Baina egia da kanpotik heldu den jendeak dena egina hartzen duela eta horiek ez dute ber moldera errespetatzen tokia, ez dute gure begirada.

Grabatzeko lekua aukeratzerakoan, zein izaten da lehentasuna: ikusgarritasuna ala terrenoaren egokitasuna?

Bi gauzak begiratzen ditugu. Damien eta biok biziki diferenteak gara. Nik beti begirada teknikoagoa ukan dut: lurra ona ote den, errazki egiten al diren saltoak, euria egiten badu ea fite idortuko den… bera baino gehiago ibiltzen naiz freeridean eta badakit noiz diren saltoak gozoak, noiz den terrenoa ona. Damienek gehiago erreparatzen dio inguruari, polita ote den, atzeko planoak onak al diren, argia egokia izango den ala ez… horregatik, filmatzen dugularik askotan ez gara akordioan! Bi begirada biziki diferente ditugu, horregatik, ados jartzen garenean, emankizuna biziki polita izaten da.

Jendeak baloratu du hori. Espero al zenuten horrelako arrakasta?

Ez! Pista prest dago kristoren sorpresa izan da. Nik ez nuen uste bideoa hain ongi aterako zenik…

Zein izan da gakoa?

Buf! Ez dakit… benetan, hor dena gainera erori zaigu konturatu gabe! –barrez–. Lana ongi egin dugu, serioski, denbora gutxi izanik ere biziki ongi antolatu gara. Paisaiak ere lagundu du…

Baina, badago honetatik bizitzerik?

Zaila da. Lehia handia dago. Gainera, diziplina hau, azken aldian gora doan arren, aski berria da. Duela hamar edo hamabost urte hasi zen Kanadan, eta zaila da momentukoz honetatik dirua ateratzea. Bai behintzat futbolarekin eta horrelakoekin konparatuta! Eta, alde batetik, hobe da horrela. Guk gure gauzak izkinean egiten jarraitzen dugu, lasai. Dena dela, bideoena aukera bat besterik ez da, honen inguruan asko dago egiteko, eta nik txirrinduarekin jarraitu nahi dut, hori segur.

Batek baino gehiagok esango zizuen burutik jota zaudetela…

Bai… urte hauetan guztietan inguruko denak berdin aritu zaizkit: "Beti hor zara, zure oihanean, bakarrik, ez duzu inor ikusten…". Baina, urteek aurrera egin dute, jo ta ke aritu gara lanean, eta orain, emaitza ikusi dutenean… "A bai, e?! Hau zen buruan zenutena?! Oso lan ona, zorionak, biziki lan polita egin duzue! Hunkigarria!". Bideoek begiak ireki dizkiote jende askori, kirol hau interesgarria dela ikusi dute. Urtetako lanaren uzta orain jaso dugu.

Izan duzu esperientziaren bat bereziki traumatikoa?

Istripuak ukan ditut, bai. Lehengo urtean, adibidez, hanka muturreko hezur bat apurtu nuen, ligamentuak ere hautsi nituen… sei hilabete pasatu nituen etxean itxita ezin atera. Hori izan da esperientzia txarrena! Nik ez dut maite bertan egotea mugitu gabe! –barrez–. Horregatik, hasi berriak diren gazteei kasu emateko esaten diet. Orain materiala lehen baino askoz merkeagoa da, 2.000 eurotan gazte batek txirrindu aski azkarra ukan dezake, eta urtebetean kristoren saltoak egin nahi dituzte. Nik esaten diet inportanteagoa dela denbora hartzea, gauzak poliki-poliki egitea, hasieratik kolpe handiak hartzea baino.

Dena dela, askoz gehiago izango dira bizipen positiboak. Zer sentitzen da?

Nik bi gauza. Alde batetik, gustatzen zait nik eraikitako horretan gozatzea. Orenak eta orenak pasatzea bidea lantzen, eta gero txirrindua hartuta probatzea, dena ongi dela ikustea... buaaa! Eta, ondotik, naturan ibiltzea hain da ona! Mendian, oihanetan... nahiago dut hau hiria baino! Esplikatzea ez da biziki erraza, probatu egin behar da ulertzeko.

Antton Etxeberriaren kuttunak:



Film bat: Lifes cycles bideoa
Musika talde bat: The Hives
Irakurtzeko: Dirt mountainbike Magazine
Miresten duzu: Steve Peat
Bizio bat: txarkuteria