ANTSIETATE KLIMATIKOA: PLANETAREN ETORKIZUNARI BURUZKO BELDURRA
Badakigu beroketa efektuak ondorio kaltegarriak dituela ingurugiroarentzat, baina horrek pertsonei maila emozionalean larriki eragin diezaiokeela oraintsu jakin berri da.
Antsietate klimatikoak estres mailak igotzen ditu eta igoera hau gazteen artean atzematen da gehien. Gazteen artean baitago planetaren etorkizunari buruzko kezkarik handienak eta kezka horiek gehituz doazen bezala horrek dakartzan beldurrak ere haziz doaz. Nola aurre egin antsietate mota honi? Adituek aldaketa klimatikoaren eraginak gutxitzeko proiektuetan parte-hartzea gomendatzen dute.
Horrez gain, berotegi efektuak osasun fisikoan ere eragina du, bere erruz maite ditugun pertsonak galdu baititzakegu eta gure ondasunak suntsitu horrek dakartzan trauma eta galerekin. Aldi berean, muturreko fenomeno metereologikoek dakartzaten aldaketa eta osasun fisikoaren arazoek beldurra eragin dezakete, sumindura, shock-a eta beste hainbat emozio negatibo antsietatea gehituz. Fisikoa eta psikologikoa erabat lotuta doaz eta batak bestean eragiten du ezinbestean. Zer egin genezake honi aurre egiteko?
Lanera oinez joateak lasaitu gaitzake
Bizitza osasuntsu baten hautua egiteak eta ingurugiroarekin adeitsuak diren politikak ezartzeak gure osasunean eragin positiboak dituela frogatu da. Adibidez, lanera bizikletaz edo oinez joateak estres maila gutxitzen du. Hori ezinezkoa bada, garraio publikoa erabiltzeak ere bere onurak ditu, komunitate kohesioa gehitzen baitu eta antsietate klimatikoak eragin ditzakeen depresio eta bestelako sintomak gutxitu.
Horrez gain, parke eta bestelako gune berdek ere gure osasunean eragin positiboak dituzte, aspalditik frogatua baitago naturan egoteak estres maila jaitsi eta gaixotasunen bat pairatzeko aukerak murrizten dituela. Zeren, teknologiak teknologia ezin dugu ahaztu gu ere naturaren zati garela eta horregatik, guri dagokigu arazo honi aurre egiteko pausuak ematea, planetari arnas hartzeko pausak eskaintzeko.