Anthony Zimmer (El secreto de Anthony Zimmer) ***

Zinema beltzaren iluntasunak tindaturik dago Jerome Salle zinemagile frantziarraren estreinako filma, egiazki. Anthony Zimmer iruzurgile misteriotsuaren atzetik dabil Akerman polizia setatsua. Gaizkilea Chiara neska-lagunarekin biltzekoa dela badaki Akermanek, eta arrazoi horrexegatik zelatatzen du neskatoa gau eta egun. Akerman nekaezinaren segada saiheste aldera, amarru irudimentsua prestatuko du Anthony Zimmer maltzurrak. Thriller beltz arin eta entretenigarria bada ere, tranpaz josita dago eta bukaera ez da batere sinesgarria. Sophie Marceau aktoreak haragitzen duen femme fatale erakargarria da, ezbairik gabe, filmak duen onena. Kultuko polar frantziarren kalitatetik urrun dagoen arren, denbora-pasa atsegina da.