Anjel Lertxundik Kultur Merezimenduaren Domina jasoko du gaur
Mahai-ingurua ere egingo dute idazlearen ibilbideaz hausnartzeko.
Anjel Lertxundi idazleak aitortza berezia izango du gaur Zarautzen. Lehenik, 18:30ean, ekitaldi instituzionala izango da udaletxean eta, bertan, Anjel Lertxundik Zarauzko Kultur Merezimenduaren domina jasoko du. Honekin batera, Uxue Alberdi idazleak haren obra goresteko testu bat irakurriko du eta Jesus Mari Lopetegik Lertxundiren testu bat musikatuko du.
Ondoren, 19:30ean, Anjel Lertxundi: idazle totala mahai-ingurua antolatu da Modelo Aretoan, idazlearen ibilbideaz hitz egiteko. Solasaldi honetan parte hartuko dute, besteak beste, Andoni Egañak, Danele Sarriugartek, Iratxe Retolazak eta Iñigo Astizek.
Honez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako Ikastaroen baitan, Anjel Lertxundi, idazlea eta obra ikastaroa izango da ekainaren 29 eta 30ean. Ikastaroak Lertxundiren obra ezagutarazi nahi du, eta haren oparotasuna eta kalitatea nabarmendu. Hamalau hitzaldi izango dira egitarauaren barruan. Lertxundiren obraren alderdi desberdinak jorratuko dituzte (nobela, saiakera, haur eta gazte literatura, zinemagintza, etab.), gaur egun indarrean dauden ikerketa ikuspegiak hartuta oinarritzat: genero ikasketak, gatazkaren azterketa, ikasketa kulturalak, ahozkotasuna eta abar. Zuzeneko irakurketa musikatu bat ere antolatu da ikastaroaren baitan.