Aniztasuna jolas orduan

Aniztasuna jolas orduan Haur afrikarrek beren identitate kulturalekin bat egiten duten panpinekin jolasteko aukera dute papin marka honi esker. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aniztasuna-jolas-orduan/@@download/image/49ec77418c25430a90bc4b32b14da69a.jpg
2019/08/19
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Haur afrikarrek beren identitate kulturalekin bat egiten duten panpinekin jolasteko aukera dute papin marka honi esker.
Aniztasuna jolas orduan

Haur afrikarrek ilea lisatzeko eta askatzeko eskatzen diete gurasoei; zergatik? Egunero kontsumitzen dituzten marrazki bizidun, liburu eta jostailuetan topatzen dituzten erreferenteek edertasun kanon horiek betetzen dituztelako. Ez dute beren ile kixkur eta azal beltzarana duen eredurik inon topatzen. Azken urteetan beltzak hasi dira hainbat film eta telesailetako rol protagonistak interpretatzen, baina oraindik ere eredu kaukasikoa da nagusi. Izan ere, nola identifikatu daiteke Barbie batekin zuria ez den haur bat?

Aniztasun hutsune hori betetzeko, Khulile Vilakazi-Ofosuk eta Caroline Hlahlak Sibahle panpinen enpresa sortu dute. Jatorriz ile-apaintzaileak, bi emakume hauek indarrak batu dituzte mendebaldeko kanonei aurre egin eta arrazen edertasunaren aniztasuna aldarrikatzeko. Hala, emakume afrikarrak ordezkatzeko helburua duen bilduma kaleratu berri dute. Hauek dira panpinak:

Bontle, sotho hizkuntzan edertasuna; Neha, indiar hazpegiekin; Zuri, swahili hizkuntzan edertasuna, albinoa den panpina; Nobuhle, zulu hizkuntzan edertasuna ordezkatzen duena; Ayana, azal mestizoduna; eta Ndanaka, ederra naiz shona hizkuntzan, bitiligodun panpina. Sibahle berak, bildumaren izenak, ederrak gara esan nahi du zulu hizkuntzan: "Gure haurrek identifikatu ditzaketen panpinak sortu nahi izan ditugu, eta haien ezaugarri fisikoak edertasunarekin ere badaudela lotuta irakatsi, beste arrazetako erreferentziaren beharrik gabe". Laster, bertsio maskulinoak sortzeko asmoa dute.