Aner Ansorena: "Asko gustatzen zait telebistako zuzenekoen estresa"

Aner Ansorena: "Asko gustatzen zait telebistako zuzenekoen estresa" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/aner-ansorena-quotasko-gustatzen-zait-telebistako-zuzenekoen-estresa/@@download/image/aner_ansorena_1389191059.jpg
2014/01/10
elkarrizketa
Hiru urte pasa daramatza Aner Ansorenak (Lekunberri, 1995) LekunberriTV zuzentzen. Eta iragan irailean, ‘Deus ez da perfektua’ telesaila estreinatu zuen. Showman gaztea!


Txikitatik eduki duzu kazetari sena?
Jaio aurretik! Plato edo irrati estudio batean pena edo tristurak ahazten ditut.

Interneten aireratzen duzue saioa. Sareak ateak ireki dizkie kazetari gazteei?
Bai eta ez. Edonork idatzi dezake Interneten, baina horrek ez du kazetari bihurtzen. Esperientzia hartzea ona da, baina hezi eta ditxosozko titulua atera beharko dugu!

Aralar Irratian ere aritzen zara uda partean. Telebista ala irratia nahiago?
Irratian oso gustora aritzen naiz, baina telebista da eman dezakedana ateratzen uzten didan medioa. Asko gustatzen zait telebistako zuzenekoen estresa.

Aktorea eta gidoilaria ere bazara, eta Interneterako telesail bat egiten duzu.

Deus ez da perfektua du izenburua eta www.lekunberritvzurekin.tk web orrian ikus daiteke. Umore puntua ematen dio gure telebistari, eta egundoko harrera izaten ari da.

Miresten duzun aurkezle edo esatariren bat?
Xabier Euzkitze asko gustatzen zait adibidez, ezaguna dut, eta oso jatorra da. Aurkezle dezente ezagutzen ditut, eta nahiz eta lehen asko mirestu, ezagutzean beraiekiko iritzia aldatu dut.

Jaikitzen zarenean, zer da egiten duzun aurreneko gauza?
Telebista pizten dut. Uste dut zerbait ondo egin ahal izateko adibideak ezagutzea beharrezkoa dela.

Eta azkena, eguna amaitzeko?
Berriz ere, telebista ikusi, gauzarik interesgarrienak gauean botatzen baitituzte. Azkenengo gauza baina, hurrengo egunerako iratzargailua programatzea izaten da.

Anerrek gainean behar du beti?
Telefono mugikorra eta aurikularrak. Musika eta bideoak egunero kontsumitzen ditut, nagoen tokian nagoela.

Eta zerekin ez zaitugu inoiz ikusiko?
Zaila da ni edanda ikustea. Oso ongi pasatzen dut alkoholik edan gabe, jadanik buruan badudalako nahikoa kolpe.