Ane Mintegi idiazabaldarra Wimbledonen txapeldun
Junior mailako txapela irabazi du Schunk alemaniarraren aurka jokatutako finalean. Tenis txapelketa hau irabazi duen lehen euskal herritarra da.
Ane Mintegi idiazabaldarrak irabazi berri du Ingalaterrako Wimbledon tenis txapelketa junior mailan. Nastasja Schunk alemaniarraren aurka lortu zuen garaipena atzo jokatutako tenis partidan. Ez du nolanahiko marka egin Mintegik, txapelketa irabazi duen lehen euskal herritarra baita.
Lehen setean 6-2 galdu bazuen ere, bigarren (4-6) eta hirugarrenean (1-6) lortu zuen alemaniarra mendean hartzea. Idiazabaldar gazteak sari emate ekitaldian esan zuenez, "oso pozik" dago Wimblendongo saria etxera eramatearekin. Horretaz gain, eskerrak eman zizkion txapelketan alboan izan zuen taldeari eta baita Bartzelonakoari ere.
Babes handia jaso zuen Mintegik herrikideen partetik ere, plazan jarritako pantaila erraldoian jarraitu baitzuten partida askok.
Bartzelonan bizi da Mintegi, eta han entrenatzen du. Munduko junior ranking-eko 27.a da, eta zazpigarren parte hartzea zuen Grand Slam batean. Orain arteko emaitzarik onena iaz lortu zuen Australian, final laurdenetara helduta.
Argi erakutsi du Mintegik gaitasun handia duela teniserako, eta etorkizunean ere arrastoa jarraitu beharko diogu idiazabaldarrari. Bejondeiola!