Ane Labakak irabazi du II. Señora Sariketa

Aner Euzkitzerekin batera aritu zen buruz burukoan.

Ane Labaka Mayoz bertsolariak jantzi du II. Señora Sariketako pamela. Aner Euzkitze eta Labaka bera igaro ziren buruz burukora Leitzan jokatutako finalean, eta azkenean lasartearra izendatu zuten bigarren edizioko garaile. Iaz irabazle izandako Amaia Agirre bertsolariak eta Elenita Guinea Izan inurri elkarteko kideak eman zioten Labakari pamela. 

Aurrez, eguerdian, kantu-poteoa egin zuten eta ondoren paella jateko aukera ere izan zen. Jai giro hori arratsaldeko saiora luzatu zen, eta bertan aritu ziren kantari aurrez egindako bi kanporaketetan sailkatutako Sarai Robles, Aner Euzkitze, Ane Labaka, eta Amaia Iturrioz, eta aurtengo bi ohorezko señora gonbidatuak, Erika Lagoma eta Uxue Fernandez.

Glosadore katalanek eman zioten hasiera saioari eta Roxi Lazkanok kantatu zituen bertso jarriak. Gai-jartzaile lanetan,berriz, Olatz Zuazubiskar eta Maria Oses aritu ziren.

Datozen egunetan Bertsoa.eus atarian entzun ahal izango dira protagonisten hitzak eta baita bertsoaldi hautaketa zabala ere.