Ane Iriondok eta Odei Guiradok jaso dituzte Mintzolaren 2022ko ikerketa sariak

Iriondok Elgoibarko 16-30 urte bitarteko gazteen hizkuntza mudantzak aztertuko ditu, eta Odei Guiradok, berriz, Pulunpa (e)ta Xin! erdal jatorria duten ikasleentzako harrera eta murgiltze-plana jorratuko du.

Euskaltzaindiaren Mintzola egitasmoak ikerketa sustatzeko bi deialdi egin zituen iaz: bata, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko gradu amaierako bost lan saritzeko; eta bestea, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko bost ikerketa-lan edota master-amaierako lan saritzeko. Lan guztiak azterturik, gradu amaierako bi lan saritzeko erabakia hartu du epaimahaiak: Ane Iriondo Arizmendiren Elgoibarko 16-30 urte bitarteko gazteen hizkuntza mudantzak eta Odei Guirado Irasuegiren Pulunpa (e)ta Xin! Erdal jatorria duten ikasleentzako harrera- eta murgiltze-plana.

Elgoibarko 16 eta 30 urte bitarteko gazteek dituzten hizkuntza mudantzak aztertuko ditu Ane Iriondok. “Gazteok egoera ezberdinetan hizkuntza batetik bestera aldatzeko joera izaten dugu. Hizkuntza aldaketa edota hizkuntza mudantza horiek, bizitzako bost egoeretan edota taldetan sailkatzen dira: eskola, institutua, unibertsitatea, lan mundua eta maila pribatuan. Ikerketa honetan bigarren, hirugarren eta laugarren egoeretan jarriko dugu fokua, eta gazteen arteko hizkuntza aldaketa horietan, generoak, hezkuntzak eta inguruko pertsonak izango dira ardatz. Izan ere, gaur egun Elgoibarren, emakumezkoen artean, euskaraz hitz egiteko eta momentu oro hizkuntza horretan aritzeko joera dago. Gizonezkoetan, ordea, kontrakoa gertatzen da: egoera ezberdinetan hizkuntza bat edo beste erabiltzen dute. Baina, joera horren ardatza hezkuntzan dagoela esan dezakegu, izan ere, umetan ikasitako eskolak asko baldintzatzen du: Ikastolara euskaldun familiak joaten dira eta Herri Eskolan, aldiz, etorkinen seme-alabak dira nagusi”, azaldu du ikertzaile gipuzkoarrak.

Odei Guiradok Pulunpa (e)ta Xin! murgiltze-plana landuko du bere gradu-amaierako lanean. Pulunpa (e)ta Xin! Euskal Herrira iritsi berria den erdal jatorriko ikasleentzat garatutako harrera eta murgiltze plan integrala da: “Gutxiagotutako hizkuntza eta kultura baten testuinguruan gaudela aintzat hartuta, euskaratik eta euskaraz lan egiteko esku-hartze pedagogikoa proposatzen du, horren ardatz dituela euskara, hizkera eta ikastolako eremu informalak, kulturartekotasuna, emozioak, ludikotasuna, jolasa eta atxikimendua", azaldu du Guiradok. Orereta Ikastolan aplikatu da lehen aldiz, Lehen Hezkuntzako laugarren mailan, iritsi berriak diren bi haurrei harrera egiteko. Ikertzailearen ustez, “esku-hartzearen ostean, emaitzek erakutsi dute egoki eragin daitekeela erdal jatorriko haurren euskalduntzean, euskararekiko, euskal kulturarekiko, eta komunitatearekiko atxikimendua sustatuz. Hain zuzen, euskaratik eta euskaraz ikastolako eremu informalak baliatuz, jolastuz, gozatuz, partekatuz, eta adimen emozionala landuz”.

Saridun bakoitzak 1.000 euro jasoko ditu eta ekainaren 15era bitarteko epea izango dute lanak aurkezteko.