Ane Irazabal kazetariak Gazte Sormen Berrientzako Saria jaso du
Gizartean gertatukoa kontatzeko erakutsi duen konpromisoa nabarmendu dute.
GAZTEZULOko kolaboratzailea den Ane Irazabal kazetariak eskuratu du Alejandro Echevarria Fundazioaren Gazte Sormen Berrientzako Saria nazioarteko berriemaile jardunean egindako lanagatik. Ekialde Hurbilean, Afrikan, eta Europan egindako lana goraipatu dute eta, batez ere, gizartean gertatutakoa kontatzeko erakutsi duen konpromisoa nabarmendu dute. EITBko nazioarteko berriemaile da Ane Irazabal Berlinen, eta aurretik Erroman, Kairon eta Jerusalemen ere aritu izan da lanean.
Irazabalek emakume kazetariei eskaini die saria: "Sari hau emakume kazetari guztiekin partekatzea gustatuko litzaidake, eta batez ere nazioartearen eta gatazken berri ematen duten emakumeekin. Askotan sentitzen dutelako lan bikoitza egin behar dutela baloratuak izateko".
Ez da hau Ane Irazabalek irabazitako sari bakarra, EuroBasque Kazetaritza saria jaso baitzuen 2019an, ikus-entzunezkoen sailean. Lana Zinexit Giza Eskubideen Zinema Jaialdian estreinatu zen urte horretan bertan, eta bi neskato eta bi mutiko errefuxiaturen testigantza biltzen du. Horretaz gain, Euskal Kazetari Saria ere irabazi zuen 2017an.
Irazabalek jasotako komunikazio arloan nabarmendutako gaztearen aitortzaz gain, beste bi sari ere banatu dituzte: enpresa arloko gardentasunari eta komunikazio arloko ibilbideari. Iñaki Gabilondok jaso du ibilbide profesionalari dagokiona, eta bestea, berriz, CIE Automotive enpresak.
Alejandro Echevarria Busquet komunikazio arloko enpresaria da fundazioaren burua, eta komunikazio sarien lehen edizioa dute aurtengo hau. Datozen urteetan sariketari jarraipena emateko asmoa azaldu dute.
