'Ander' filmaren gidoia argitaratu dute
Gizonezkoen arteko maitasun harremana kontatzen duen gidoiaren euskarazko eta gaztelaniazko argitalpena jarri dute salgai sarean. Bizkaieraz argitaratutako lehen gidoia da.
Joan den astean ospatu zen LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna eta, hori aitzakiatzat hartuta, Ander filmaren gidoiaren argitalpen elebiduna jarri dute salgai sarean. Pelikulako ahozko bizkaierazko elkarrizketetan lan egin zuen Arantza Etxebarria itzultzailea arduratu da idatzizkora egokitzeaz eta baita testua gaztelaniara itzultzeaz ere. Lana bizkaieraz argitaratutako lehen gidoia da. Fotogramas aldizkariko kritikari den Carlos Louredaren hitzaurrea eta Roberto Caston gidoilari eta zuzendariaren berrogei ohar inguru ditu testuak.
Castonen Ander pelikula gizonezkoen arteko maitasun harreman baten inguruan ardaztutako euskarazko lehen filma da. Gainera, Berlingo Zinemaldian parte hartu zuen euskarazko lehen pelikula izan zen eta CICAE Art Cinema Award saria eskuratu zuen bertan. 150 festibal baino gehiagotan eskaini zuten eta 27 garaikur jaso zituen.
Pelikulak ama eta arrebarekin herri txiki bateko baserrian bizi den Anderren istorioa kontatzen du. Istripu batean hanka hautsi, eta zereginetan laguntzeko Jose izeneko etorkin peruarra kontratatuko du. Halakorik espero ez duen arren, Ander Joserekin maiteminduko da, eta bere 40 urteetan izandako harremanak zein bizimodua birplanteatuko ditu. Josean Bengoetxea eta Christian Esquivel aktoreek gorpuztu zituzten bi pertsonaia nagusiak.
Pelikula Berlingo zine jaialdian estreinatu zuten 2009an, eta Europa, Amerika eta Asiako hamabi herrialdetan komertzialki estreinatu bazen ere, Espainiako Estatuko zine aretoetan ez zuten emanaldirik egin. 2019ko urte amaieran Filmin plataforman zintzilikatu zuten birmasterizatutako bertsioan eta 3.000 ikustalditik gora izan zituen lehen hilabetean; egun, ia 15.000 lortu ditu.