Anari 'Gari eta goroldiozko' eleberriaren inguruan arituko da Gasteizen
Aldabe gizarte etxean egingo dute, bihar, eta sarrera librea izango da.
Idazleekin solasean programaren baitan, Anari Alberdi musikariak bere lehen eleberriaren berri emango du bihar, hilak 15, 19:00etan, Aldabe gizarte-etxean.
Gari eta goroldiozko liburua joan den udazkenean argitaratu zuen azkoitiarrak. Izenburuak islatzen duen modura, bi paisaiek bat egiten dute protagonistaren izatean. 50 urteak bete eta aspaldi aita baino zaharragoa dela jabetu den emakumea da kontakizunaren protagonista, astearte iluntze batez, zinematik etxeranzko bidean; asteazken goizez, berriz, auto bidaia bateko denboraren eta espazioaren tolesturetan.
Egunerokotasuneko gauzen eta inguruan ikusten duenaren inguruko hausnarketa zorrotzak egiten ditu, bisturi finez. Hainbat elementu ageri dira: semaforoan bi galgo, bidearen errebueltetan ilaje kizkurdun emakume beltzaran bat, itsasoa gainezka, kontainerrak, fetuak, olibondoak, heskai artifiziala eta matematikaren poetika, besteak beste.