Anari Alberdi izango da gaur Donostiako Poetika zikloan
Bere abestiak eta haien gaztelaniazko itzulpenak biltzen dituen 'Demoliciones controladas' liburua izango dute hizpide.
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak, Musikeneren laguntzarekin, antolatutako Poetika irakurketa poetikoen zikloari hasiera emango dio Anarik gaur. Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoan izango da saioa, 19:30ean.
Itziar Minguez poetak elkarrizketa egingo dio Anari Alberdi abeslari eta idazleari, duela gutxi gaztelaniaz kaleratu delako Demoliciones Controladas obra, euskarazko eta gaztelaniara itzulitako kanten argitalpena. Garazi Navas akordeoi-jotzaileak ere parte hartuko du elkarrizketa gidatuan.
Anarik Gari eta goroldiozko (Susa) nobela argitaratu zuen iaz eta ondoren, Demoliciones Controladas izeneko lana kaleratu du, bere ibilbide diskografikoko kanta guztiak euskaraz eta gazteleraz jasotzen dituen liburua. Hitzak Anarik berak itzuli ditu euskaratik gaztelaniara . Kantari eta musikari azkoitiarrak honako disko hauek plazaratu ditu orain arte: Anari (1997), Habiak (2000), Zebra (2005), Irla izan (2009), Zure aurrekari penalak (2015) eta Epilogo bat (2016). Adarra Saria eman zioten 2018an.