Amets Larraza Lopez: "Ibilian datozen harremanak atsegin ditut"
Bere ahotsak liluraturik gauzka. Oholtza gainean duen jarrerak, berriz, txundituta. Amets Larraza da, Hesian taldeko abeslaria, gure galderak erantzuteko hesiak gainditu dituen neskato jatorra.
Hesian taldean zazpi bizkarzain izanda, inor ausartzen da zuregana gerturatzen?
Neska gehiago gerturatzen zaizkit mutilak baino! Eta, ez pentsa, hasieran dezente kostatzen zitzaidan zazpi, zortzi edo bederatzi mutilen artean eroso sentitzea. Orain, berriz, hainbeste denbora pasatzen dugu elkarrekin familia bat osatzen dugu eta anaia gisa ikusten ditut.
Gogoko ditut errepideak, gogoko errail berdeak, gogoko zarata hezeak . Hala dio zuen abesti batek. Eta harremanak, nolakoak gogoko dituzu?
Biziak, alaiak, naturalak, ibilian datozenak!
Backstagearen morboa edo logelako epela?
Biak, ondoan dudan pertsona eta momentuaren arabera...
Sexua, drogak eta rock and rolla. 0tik 10era, jarri nota bakoitzari.
Ezin diet faktore askoren araberakoa den nota finko bat eman!
Bakarrik? Inoiz ez! Loturik? Agian , beste abesti bateko zatia da. High voltage! Argitu iezaguzu zalantza, milaka gazte erotzear gaude eta.
Bakarrik ez, bakardadea ez dut gustuko; horregatik saiatzen naiz bakardadea salatu eta lotura soka hori luzeagoa izan dadin abesten.
Larrutan egin duzun tokirik arraroena, eta bereziena?
Lezoko teilatuetan, ametsak bizi izan nituen amestu beharrean
Beste abesti bat: besoa luza, hementxe zaude berriro . Ups! Ez da zuk uste zenuen pertsona. Nola atera endredu horretatik?
Barkatu! Gorri-gorri jarri, buelta eman eta, urduritasunaren menpe, bere bila jarraituko nuke, hitz idatziez bete izan ditugun gutun orriak, malko, besarkada, eta hitz abestuez ordezkatzeko asmoz.
Azken abestia: izan genuen ametsa . Ametsek badu amets erotikorik?
Ez duzu usteko hemen kontatuko ditudanik, ezta? Gainera, kontatzen badizkizut, ez dira jada bakarrik Ametsen ametsak izango!