Amesgaiztoa ez da amaitu

Wuhanen kasu berriak agertu dira, eta Hego Korean konfinamendura itzuli behar izan dute; badirudi izurria ez dela desagertu oraindik.

Azken 24 orduetan Wuhanen 5 koronabirus kasuren berri eman du Txinak, hilabete 0 kasurekin igaro ondoren. Aipatutako 5 kasuak etxebizitza berean detektatu dituzte, eta lehen gaixoa 89 urteko gizon bat da; hurrenak bere emaztea eta ingurukoak, asintomatikoak hauek.

Ez dira Txinan detektatutako kasu bakarrak; hamazazpi kasu atzeman dituzte azken 24 orduetan, horietako hamar kutsaturikoak eta ez atzerritik etorritakoak. Gauzak horrela, une honetan 141 lagun dira herrialdeak erregistratutako kutsatutakoak. 

HEGO KOREA, KEZKATUTA

Egoera kontrolpean zuteneko irudia eman du Hego Koreak pandemiaren krisiarekin, baina orain kutsatuen igoera nabarmena gertatu da hiriburuan. Gauzak horrela, Seulgo bost tabernatan egon diren 5.517 pertsona aurkitzeko ahaleginetan dabiltza, dirudienez, bertan zabaldu baita birusa. Bitartean, hiriburuko tabernak eta klubak berriro ixtea erabaki dute.