Amaitu da Euskaraldia; eta orain, zer?
Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, amaitu da 11 egunez euskararen erabilera bultzatzeko ekimena; zein da hurrengo pausoa?
11 egunez, Euskal Herriko ahobiziek eta belarriprestek euskararen erabilerari bultzada bat emateko saiakera egin dute. Gaur da teorian txapa erabiltzeko azken eguna, Euskararen Nazioarteko Eguna, hain zuzen; eta orain, zer egin behar dugu?
Antolatzaileak pozik agertu dira herritarrek eman duten erantzunarekin, eta ahobizi eta belarriprest izaten jarraitzeko deia luzatu dute. Ikerketa bat egingo dute ekimenaren eragina neurtzeko; guztira 220.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian, eragina handia izan dela azpimarratu dute arduradunek, kalean txapa eraman duen jende kopurua eta sare sozialetan izaten ari den presentzia aintzat hartuta.
Euskaraldia hasi aurretik jakinarazi zutenez, izena eman dutenen %73 ahobizi modura jarduteko batu ziren ekimenera, eta %27 belarriprest modura. Partaideen %36 16 eta 35 urte artean du, eta %62 emakumezkoa da.
Euskal Herriko 405 udalerritan osatu dira Euskaraldia antolatzeko batzordeak. Horrez gain, ia 200 enpresa eta entitate sustatzailek bultzatu du izen-ematea bere langile eta kideen artean. Euskaraldia amaitu da, baina euskararen erabilera bultzatzeko herri ekimena hasi besterik ez da egin; 365 egunez, euskaraz!
Euskararen Nazioarteko Eguna dugu gaur; eta zuk, noiz, nola eta norekin hitz egiten duzu euskaraz?