Amaitu da 2014ko Ika Mizka zirkuitua
Atzo izan zen Donostian, EHUren Erizaintza Unibertsitate Eskolan, ‘Ika Mizka. Eta hik nola bizi dunk euskara?’ zirkuituaren azken saioa. Guztira 100 lagunek baino gehiago bertaratu ziren, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egitera.
Goizeko 10:00etan abiatu zen, aurtengo Ika Mizka egitasmoaren azken hitzordua Donostiako Erizaintza Unibertsitate Eskolan. Hitzordu arrakastatsua izan zen, eta bertako liburutegia txiki gelditu zen, euskararen inguruko hausnarketaren topagune bilakatu den hitzorduarentzat, eta hainbat lagun kanpoan gelditu behar ziren, ondorioz.
Ezagunen artean, Agurne Anasagasti aurkezlea, June Ansoleaga kazetaria, Joseba Campano eta Leire Martinez Gu ta gutarrak saioko partaideak, Ander Iruretagoiena aktorea, Jon Maia bertsolaria, Iraia Oiartzabal moda diseinatzailea, Irantzu Pastor argazkilaria, Ieltsu Ostolaza eta Maddi Sarasua EHZ jaialdiko arduradunak, Jon Urbieta Zuek hor eta gu hemen saioko kidea, Maider Segurola kazetaria eta Galder Izagirre musikariak parte hartu zuten, 13:15 bitarte luzatu zen saioan.
Eurekin batera izan ziren, besteak beste, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Ana Arrieta Gipuzkoako Campuseko errektore ordea, Isabel Elorza Gipuzkoako Campuseko Euskara zuzendaria, Pilar Tazon Donostiako Erizaintza Unibertsitate Eskolako zuzendaria eta Ana esther Furundarena Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako sailburuordea.
Hiru bideoren bitartez euskararen erabileraren inguruko hainbat gai planteatu zitzaizkien, eta zazpi-zortzi laguneko taldeetan, mahaiaren inguruan bildu eta beren esperientziak konpartitu zituzten.
Ekitaldia amaitu aurretik, GAZTEZULOk antolatutako V. Bideo Lehiaketaren sari banaketa egin dute. Saria lehiatzen zuten 30 taldeen artean, ikuslearen saria Aitor Zugadik jaso du ‘Ni naiz... Batman’ bideoarengatik. Bigarren saria, ‘Ezkutu’ lanarentzat izan da, eta sari nagusia, azkenik, Aiora Poncek jaso du ‘Nire Mundua’ lanagatik.
Eskerrik asko Ika Mizka saioetan parte hartu duzuen guztiei!