Amaia Egidazu berriztarrak irabazi du Etxepare saria
Egidazuren 'Dorotea' izeneko album ilustratua aukeratu du epaimahaiak, "dotore biltzen dituelako natura eta kultura, tradizioa eta traizioa".
Haurrentzako album ilustratuak saritzen ditu Etxepare sariak. Nafarroako 22 toki-entitatek antolatzen dute, Galtzagorri elkartearen eta Pamiela argitaletxearen laguntzarekin. Aurtengo edizioan hogeita hamar lan aurkeztu dituzte guztira, eta Amaia Egidazu berriztarrak irabazi du, Dorotea izeneko albumari esker.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, album "petoa" da Dorotea, "oreka betekoa, istorioak eta ilustrazioak aldi berean irakur ditzagun irriz eta irrikaz". Gaiari dagokionez, berriz, "natura eta kultura, tradizioa eta traizioa" biltzen ditu lanak. Protagonista, amatxi, bakardadean aurkituko du irakurleak, «eguneroko deserotasunen eta eragozpenen aurrean, ausart, konponbide bila».
Bost mila euroko saria jaso du Egidazuk, eta albuma udazkenean kaleratuko du euskaraz Pamiela argitaletxe nafarrak. Hauxe da egileak idatzi eta ilustratu duen lehendabiziko lana.
Epaimahaikideak Leire Salaberria ilustratzailea, Idoia Sobrino liburuzaina eta Patxi Zubizarreta idazlea izan dira.
2004an antolatu zen lehen aldiz Etxepare saria; 2006tik 2009ra bitartean, beka-formatua izan zuen, eta, harrezkero, sariketa antolatzen da. Ibilbide luze horretan hainbat lan plazaratu dira; azken urteotan, esate baterako, Lorerik gorriena (Sandra Garaioa eta Itziar Otegi), Etxe honetan (Aintzane Usandizaga eta Asier Iturralde Gaston) eta Cosimoren katiuskak (Dani Mariarena eta Ana Ibañez) argitaratu dira.