'Amable Arias banbalinetan' erakusketa zabaldu du Donostiako San Telmo museoak

1955etik 1959era, Donostiako Antzoki Zaharreko jantzizaindegian amari laguntzen zion garaian, egindako marrazki eta akuarelek osatzen dute erakusketa.

Maru Rizok 2022an eman zion dohaintzan San Telmo Museoari Amable Oriasen Antzoki Zaharra saila. Mikel Lertxundi Galiana komisario duen Amable Arias banbalinetan erakusketan, joan den mendeko 50eko hamarkadan egindako akuarela eta marrazki-sortak daude ikusgai, eta baita garai hartako argazki eta objektuak ere. 

Amable Arias 1942an iritsi zen Donostiara, bizitza osorako arrastoa utzi zion eta gaztaroaren parte bat kanpora atera ezinik igarotzera behartu zuen istripua gertatu eta sei urtera. 1948 inguruan, pintura-eskolak hartzen hasi zen Ascensio Martiarenarekin eta ikusten zuen guztia bere koadernoetan marrazki eta akuarela bidez adierazteko gomendatu zion. 

1951n, Ariasen amak Antzoki Zaharreko arropazaindegiaren ardura hartu zuen, eta berak ere lagundu zion langintza hartan. Batik bat vedette eta koristekin izan zuen harremana (Lina Morgan, Queta Claver, Virginia Frediani...), baina antzezleak, abeslariak, musikariak, dantzariak, komikoak eta abar ere ezagutu zituen. Hain zuzen ere, banbalinetako giro hura da 1955 eta 1959 bitartean sortutako obra-sorta honen jatorria. 

Erakusketa San Telmo Museoko Laborategian egongo da maiatzaren 28ra, doako sarrerarekin.

Katalogoa eta jarduerak
Erakusketaren katalogoa ere argitaratu dute eta Mikel Lertxundi Galiana erakusketaren komisarioaren testuez gain, Maru Rizo, Mikel G. Gurpegui, Espido Freire eta Antonio C. Hernandezenak ere badaude. Katalogoa museoan bertan eros daiteke.

Bestetik, erakusketarekin lotutako hainbat jarduera ere antolatu dituzte. Lehenik, Kamishibai familia tailerra egingo dute martxoaren 4an, 11n, 18an eta 25ean, 17:00etan, Iñaki Martiarena Mattin-ekin. Bigarrenik, Mª Carmen Alonso Pimentelen El teatro Principal: Amable entre bambalinas hitzaldia izango da martxoaren 5ean, 12:00etan. Azkenik, erakusketaren bisita gidatua egingo dute apirilaren 28an, 18:00etan, Mikel Lertxundi komisarioarekin.