Aluaren boterea

“Ez ukitu hori! Kendu eskua hortik!”, horrelakoak entzuten ditugu umetatik: gure genitalak kutsakorrak eta zikinak balira bezala tratatu ditugu. Nola maiteko dugu gure alua, bada?


Mendebaldeko emakumeok ez ditugu behar bezala ezagutzen gure pelbisa, sabelaldea, bagina, gernubideak eta uzkia. Sarritan, deus gutxi dakigu gure gorputzeko atal horiei buruz. Umetan gure gorputzeko zati hauek ez ukitzeko esaten zigutenez, hortxe utzi genituen, ukiezinak balira bezala. Baina gaur egun, ordea, badakigu uki daitezkeela. Badakigu gaitasun bereziak dituztela. Ohartu gara, interesgarria dela hainbat urtez baztertuta eduki ditugun zati horiek ezagutzea.

Alua boteretsua da, indartsua. Urte luzez, gure gorputzeko atal hau ezkutuan egon da guretzat. Batzuetan, izena bera ahoskatzea ere kosta egin zaigu: alua. Hitz debekatu eta zikin samarra izan da euskal munduan. Ondorioz, gure bizitzan zehar jaso ditugun mezuekin, ez da arraroa aluarekiko hain harreman urria izatea. Kontua da, adinean aurrera egin ahala, ohartu garela alua ahaztuta geneukan gorputz atal garrantzitsua dela. Garrantzitsua, baina ezezagun samarra.

Beste kultura batzuetan

Asiako kultura batzuetan, emakumeek harreman estua dute aluarekin: txiki-txikitatik, garrantzi handia ematen diote alua lantzeari. Hala, alua edukitzearen kontzientzia handiagoa izateaz gain, emakume horiek aluak izan ditzakeen gaitasunak lantzen dituzte. Txinan eta Japonian, adibidez, emakumeek alu barruko giharrak lantzeko hainbat ariketa egin dituzte mendetan zehar; eta esaterako, objetuak hartzen dituzte aluarekin.

Guretzat alua baztertutako gorputz-atala izan denez, erabat harrigarria egiten zaigu neska eta emakume horiek beren aluekin zer egiteko gauza diren. Gaur egun, Asiako turismo sexualean, ezagunak dira Pin-Pon show izenekoak. Emanaldi horietan, Asiako emakumeek erakustaldiak egiten dituzte beren baginarekin: ping-pong pilotak aluarekin hartu eta indarrez urrutira jaurtitzen dituzte, likidoak barruan mantendu, etab. Show hauen interes ustelak ahaztu gabe, emakume asiarrek lezio garrantzitsua ematen dute gorputzaren ezagutzari dagokionez. Beren gorputzarekiko izugarrizko ezagutza eta kontrola erakusten dute.

Giharrak indartuz

Aluko giharrak indartzeak onura handiak ekar ditzake; orgasmo gozagarriagoak eta sarketa jostagarriagoak, txizari eusteko kontrol handiagoa, haurdunaldirako gihar indartsuagoak, etab. Bestalde, askotan entzun izan dugu, sabelaldetik beherako organoak emozioen sehaska direla, eta horiek tinko izatea, emozioen orekarako lagungarria izan daiteke.

Adin batetik aurrera, bat-batean, ezkutukoa, zikina eta ukiezina zen alua, gorputz atalik garrantzitsuena bilakatzen da. Gorputz atal debekatua zenak, gaur plazer emaile handiena izan behar du. Baina zoritxarrez, askotan, aluaren inguruko jolas erotikoek deseroso sentiarazten gaituzte. Zergatik? Debekuak harreman antinatural hau sorrarazi duelako. Deserosotasun horiei aurre egiteko modu bat, norberak bere aluarekiko duen harremana sakontzea izan daiteke.

Zure alua ezagutzen

Hezea, beroa, lehorra, zimurra, usaintsua, iletsua… nolakoa da zure alua? Sentitzen al duzu zure umetokia? Fallopioren tronpak? Gorputzaren zati hori hor dagoela sentitzea garrantzitsua da. Lagungarria da bagina, umetokia, Fallopioren tronpak… ditugula jabetzea. Emakume bakoitzaren aluak bere ezaugarriak izaten ditu: zure alua ezagutzea oso garrantzitsua izan daiteke autoestimua areagotzeko, nahiz sexu-jolasekin eta bestelakoekin harremanak izateko. Onena zuk zeuk zure alua miatzea da. Ausar zaitez!

Itxura eta sentsazioak ezagutu ondoren, alua lantzeko ariketa batzuk gomendatuko dizkizugu. Kegel eta Pompoir teknikez gain, hona hemen beste gomendio batzuk.

Gomendio batzuk



KANPOKO ITXURA
Kanpoaldearekin hasiko gara. Horretarako, gure alua ispiluan gertutik ikustea izango da errazena. Zer kolore du zure aluak? Zenbat zulo ditu? Ile beltza edo gaztaina-kolorekoa duzu? Klitorisa ikusten al duzu?

BARNETIK

Hobeto ezagutze aldera, kanpoaldetik barrurantz abiatuko gara. Ispiluaren aurrean ja-rrai dezakezu, edo leku erosoago bat aukera zenezake. Eroso-eroso eta lasai zaudela, zure alua mia dezakezu. Atzamarra barrura sartu, eta barnealdeko ehunak uki ditzakezu, tenperatura hauteman, ezpainak, zuloak, klitorisa, usainak…...

Poliki-poliki, baina kuriositateari eutsiz, zure alua hobeto ezagutzen saiatu zaren horri, zorionak! Gogoratu alua beste gorputz atal bat dela; ez du zertan beste atalak baino hobea edo okerragoa izan. Gorputz osoa erabiltzea litzateke aberatsena, eta beraz, ez baztertu atal bat bera ere! Gora aluak!

Estitxu Uribeetxebarria. AMALURRA fisioterapia zentrua (Elgoibar)



Alua lantzeko ariketak
Bi ariketa erraz gomendatuko dizkizuet:

1. Lehendabiziko ariketa, alua eta bere ingurua estimulatzeko, eta bertako zirkulazioa hobetzeko da. Arnasketarekin, ponpaketa funtzioa egitean datza gakoa. Horretarako, arnasa sabelaren beheko aldea puztuz hartzen ahaleginduko zara: behealdean presio txiki eta atsegin bat sentituko duzu, presio horrek, besteak beste, leunki zapaltzen ditu genitalak.

2. Bigarrena, aluko muskuluak indartzeko ariketa da. Zein muskulu gogortu behar dituzun jakiteko, aurrena, atzamar bat aluaren barruan duzula, berau harrapatzen, zapaltzen saiatuko zara, abdominalak eta ipurmasailak erlaxatuta dituzula. Ondoren, atzamarraren kontakturik gabe egin dezakezu ariketa. Arnasa hartu ahala, muskuluak gogortu, eta, arnasa botatzean, erlaxatu. Edozein jarrera da egokia, baina etzanda edo eserita egiteak asko lagunduko dizu hasieran. Egunean pare bat aldiz egin ditzakezu ariketa hauek, 20-30 bat aldiz errepikatuz.