'Altxa kopla hori' bertso musikatuen egitasmoa hastear

Kalean eta lagunarteko giroan egiteko bost saio antolatu dituzte, kopla eta musika uztartuta. Bihar, uztailak 2, izango da lehen saioa Luiaondoko pilotalekuan.

Arabako Bertsozale Elkarteak Altxa Kopla Hori!  egitasmoa jarri du abian beste behin, bertsozaleei kopla doinuekin gozatzeko aukera eskaintzeko. Bost saio antolatu dituzte lagunarteko formatuan, kalean, musikaz lagunduta, eta kopla oinarri hartuta. Elkartearen hitzetan, "kopla, bertso erdi bat baino gehiago izanik, bertsotan egiteko neurri herrikoia da. Musikaz lagunduta eta lagun arteko giroan gozatzeko aukera ematen duena". 

Arabako adin, herri eta belaunaldi ezberdinetako 20 bertsolarik, 5 gai-jartzailek eta 4 musikarik hartuko dute parte. Kalean edo plazan arituko dira, aulkietan eserita, doinu batzuk musikaz lagunduta eta entzuleengandik hurbil.

Bihar, uztailak 2, emango diote hasiera Luiaondoko frontoian, arratsaldeko zortzietan. Lehen saioan Paula Amilburu, Manu Bendala, Aitor Najera eta Felipe Zelaieta bertsolariek hartuko dute parte, Uxue Diaz de Cerio arituko da gai-jartzaile lanetan eta Unai Mendibil eta Nahiara Eizagirre arduratuko dira musikaz.

Bigarren saioa, berriz, Aramaion izango da uztailaren 15ean, 20:00etan, Kultur Etxeko parkean. Bertan Irati Anda, Manex Agirre, Xabier Antia eta Orlando Arreitunandia arituko dira bertsotan. Eli Plazaolak jarriko ditu gaiak, eta Mikel Goikuria eta Unai Mendibil izango dira musikariak. 

Arabako Bertsozale elkarteak aurrerago emango du irailean egingo diren beste hiru saioen berri.