ALTER EGO: GORKA OTAEGI

ALTER EGO: GORKA OTAEGI Gorka Otaegi Uriya (Tolosa, 1988) kazetariaren aurpegia baino, ahotsa dugu ezagun, Euskadi Irratian zein Gaztean esatari lanetan ibiltzeagatik. Izan ere, Gorkak txikitatik irratia maite izan badu ere, gustura diseinatuko luke zure herriko urbanizazio plana. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/alter-ego-gorka-otaegi/@@download/image/Gorka otaegi 002.jpg
2018/01/22
berria

Argazkia: Karobiphoto / Testua: Zuriñe Maguregi

Gorka Otaegi Uriya (Tolosa, 1988) kazetariaren aurpegia baino, ahotsa dugu ezagun, Euskadi Irratian zein Gaztean esatari lanetan ibiltzeagatik. Izan ere, Gorkak txikitatik irratia maite izan badu ere, gustura diseinatuko luke zure herriko urbanizazio plana.
ALTER EGO: GORKA OTAEGI

Txoritxo batek esan digu ikastolan ezagun egin zinela, errotuladorea eskutan zure ikaskideen futbol partiden berri ematen zenuelako...
Bai, hala da. Txikitatik izan naiz irrati frikia, eta hala gogorarazten didate irakasleek ikastolara bueltatzen naizen bakoitzean.


Ikastolan zutaz gogoratuko dira, baina baita Tolosako udaletxean ere, ezta?
Bai! Pentsa, 12-13 urte nituela herriko trafikoa antolatzeko plangintza bat bidali nien, planoak marraztuta eta guzti.

 

Nolatan okurritu zitzaizun holakorik?
Irratiaz gain, txikitatik hirigintza eta lan egiteko makinak izugarri gustatu zaizkit. Are gehiago, kazetaritza ikasi izan ez banu, herri lanen ingeniaritza ikasiko nukeen.

 

Eta zergatik aukeratu zenuen kazetaritza?
Matematiketan oso txarra nintzelako, eta eskerrak, bestela sekulako dilema izango nukeen!


Beraz, tamaina handiko makinak erabiltzen ez dituzunez, eskala txikikoen bilduma egiten duzu?
Bai, txikitatik izan dut eskala txikiko makinak kolekzionatzeko zaletasuna: atzerako hondeamakinak, hormigoi-kamioiak... Guztira berrogeitik gora izango ditut, horietako batzuk anaia zaharrenetik heredatutakoak. Gaur egun, artzainek ardiekin egiten duten antzera, kaleko obretako makinak identifikatzen dakit, bana-banan.


Jubilatuen zaletasunak aurrea hartu dizu gero!
Hala da, bai. Gogoratzen dut gurasoek etxe bat erosi zutela plano gainean eta ostiralero obren prozesua nola zihoan ikustera joaten nintzela argazki kamara eskutan. Karreterak eta karreteak atera nituen beraz, gaur egun esan dezaket time-lapsearen aitzindari nauzuela!


Begi ona garatuko zenuen dagoeneko...
Onegia... Izan ere, kalean joaten naizela, sarritan sufritzen dut ikusten ditudan astakeriekin: espaloi apurtuak, seinale okerrak, farola beltz bat banku txuri baten ondoan... udaletxekoek ez al dira konturatzen?! Erremateak eta hiri-altzariak oso garrantzitsuak dira ba!


Ze hiritan sufritu duzu gutxien?
Bilbon gaur egun ikaragarri zaintzen dituzte halako detaileak. Urte gutxitan izugarri hobetu duen hiria da eta nabari da hirigintzan inbertsio handia egin dutela. Hondarribia ere asko gustatzen zait, lorategiez gain, eraberritze lanak egiten badituzte ere, herriko nortasuna mantentzeko esfortzua egiten dutelako.


Eta non sufritzen duzu gehien?
Donostiako Atotxako dorrea ikusten dudan bakoitzean. Eraikina bera astakeria hutsa bada, ingurunea are okerragoa iruditzen zait. Diseinatu zuten garaian ez omen zuten, besteak beste,  irisgarritasuna bezalako irizpiderik aintzat hartu.


Zein da eskuratu nahi duzun hurrengo pieza?
Zementera batzuk erosi nahi ditut, JOAL markak oso modelo politak atera ditu. Ea bigarren eskuko merkatuan 40-50 euro inguruan lortzen ditudan...
Zorte on!