Almudena Cid: "Orain nago sasoirik onenean"

Almudena Cid Gasteizen jaio zen duela 25 urte, baina hamalau urte zituenetik, denbora gehiago eman du Euskal Herritik kanpo bertan baino. Adin horrekin eraman zuten Madrilera, Espainiako gimnasia erritmikoko selekzioko kide modura, eta ordutik errendimendu altuko egoitzak izan ditu bizileku. 2001etik Sant Cugateko egoitzan bizi da, Bartzelonatik 20 kilometrora. Hantxe erantzun dio gure deiari.


Zenbat urterekin hasi zinen gimnasia egiten?
Zazpirekin, eskolan.

Eta hori da ohikoena?

Bai. Hara: eskolaz kanpoko ekintza gisa egiten hasi nintzen, eta elastikotasun handia neukala ikusi zutenean, klub batean sartu ninduten. Orduantxe hasi nintzen nazio mailako txapelketetan parte hartzen. Espainiako hautesleak ikusi ninduen, eta hamalau urte neuzkala, Espainiako gimnasia erritmikoko selekziorako deitu zidaten. Galderari erantzunez: bai, zazpi urteak dira hasteko adin egokia. Nagusiagoak direnean, gimnastek kendu ezin daitezkeen ohiturak dauzkate.

Gimnasia egiteko diziplina handia behar da…

Bai. Ez da adin horretako neska arrunt baten bizimodua. Eskolako kide guztiak lagun baten urtebetetze jaira joaten ziren, eta guk ezin genuen, asteburuan ere entrenatu egin behar genuelako. Gogoratzen naiz larunbat eta igandeetan ere entrenatzen nuela. Orain, igandeetan jaia daukat, behintzat.

Zazpi urtetatik hasten da diziplina hori ezartzen?

Ez, ez, txikitan ez da halakorik. Zazpi urterekin ez da egunero entrenatzen. Hamar edo hamaika urtetatik aurrera hasten da hori, egunero hiruzpalau orduz.

Eta horrek heldutasuna azkarregi etortzea eragiten du? Izan ere, zenbat urterekin hasten dira gimnastak goi mailako lehiaketetan parte hartzen?

Nik, hamabost urte neuzkala parte hartu nuen nire lehenengo mundu txapelketan.  

Ez da goizegi halako presioa jasateko?

Ez daukat gogoan, adin hartan presio handiegirik geneukanik. Askoz handiagoa daukat orain. Txikiagoa zarenean, entrenatzaileak ahalegindu egiten dira presioa kentzen. "Saiatu ondo pasatzen, gozatzen…", esaten dute. Jakina, ariketak dirauen bitartean, zera pentsatzen dute: "Ez dezala hutsik egin, mesedez…". Baina nik, behintzat, presio hori gabe irteteko aukera eduki nuen.

Ez-ohiko gimnasta ei zara. Besteak beste, luze irauten ari zarelako…

Bai, gimnasia erritmikoa umeentzako dela pentsatu ohi da. Hogei urteak gainditu nituenetik, denek esaten zuten uztear negoela, baina ez da hala izan.

Hogei urteak izan ohi dira erretiratzeko garaia, ala?

Batez beste, bai. Adin horretan beste gauza batzuk egiten hasten zarelako. Gauetan irten, apur bat gehiago bizi…  Baina niri gimnasia gustatu izan zait gehien; gustuko dut entrenatzea, gogorra izan arren. Zortzi ordu dira egunero, eta batzutan mina daukazu, eta berdin entrenatu behar duzu. Dena dela, nik ondo eroaten jakin dut.

Eta zein da gimnastak hain gazte erretiratzeko zergatia? Gimnasia kanpotik ikusten dugunontzat, arrazoia izan daiteke elastikotasuna gutxituz doala…

Nire ustez, motibazio falta da. Kirolariak gustuko giroan egon behar du. Entrenatzen duzun lekuan "giltzapean" bazaude… gogoratzen naiz Madrilen pisu batean bizi nintzela; pisu-gimnasioa zen, edo gimnasio-pisua. Orain, errendimendu handiko egoitza batean nagoen arren, badaukat askatasunik. Nahi dudanean joan naiteke izozki bat hartzera. Eta nahi dudan lagunekin ibiltzen naiz. Inork ez dit araurik ezartzen.

Orduan, uste duzu edozein gimnastak jarrai dezakeela 25 urtera arte, gura izanez gero?

Bai. Malgutasunik eza ez da, zuk lehen aipatu duzunez, uztera behartzen duena. Lan ona eginez gero, ez dago zertan elastikotasuna galdu beharrik. Hala ere, egia da badirela gaitz txikiak, min txikiak han edo hemen, batzuk betirako. Horiekin batera bizitzen ikasi behar da, eta lortzen ez baduzu, oso latza da segitzea.

Beti esaten da gimnasta guztiek antzeko gorpuzkera dutela. Hori txikitatik entrenatzearen ondorioz gertatzen da?

Ez. Txikitan, joera dago itxura jakin bat daukaten gimnastak aukeratzeko, Espainiako selekzioan bai, behintzat. Oso meheak, hanka luzedunak… loditzeko joera daukanak arazoak edukiko ditu, kirol honetan itxura bat eman behar delako. Irudiak badu bere garrantzia, eta dezentekoa. Bestetik, gehiegizko pisuak lesio asko sor ditzake, eta horregatik aukeratzen dira gimnasta meharrak. Baina nik, nazioarte mailan, era guztietakoak ikusi ditu: loditxoagoak, argaltxoagoak…

Arketipoa, ordea, emakumezkoarena ere ematen ez duen gorputza omen da. Biribilgune gutxikoa, esan dezagun…

Hamasei urteko ume baten gorputzari begiratu, eta formak biribildu gabe dituela ikusten duzu. Ni neu ikusten banauzu Atlantako Joko Olinpikoetako bideo batean, eta Atenaseko beste batean, ez daukate batak bestearekin zer ikusirik. Bularra hazi zait, badaukat neure gerria… Gorputza normal garatu zait. Baina jendeak, hamabost urtekoak begiratzen baditu, "argalegi daude" pensatuko du.

Gimnastak erretiratzen direnean asko aldatzen zaie gorputza?

Zenbaietan, bai. Umetan, askotan, debekatu egiten dute hau edo bestea jatea. Gogoratzen naiz, Espainiako selekzioan sartu nintzenean, ez zigutela uzten gauza asko jaten: galletak, frijitutako jakiak… Eta egia esan, ez da ona hori egunero jatea, baina noizean behin jan daiteke. Hala ere, hori sartzen dizute buruan, eta gimnasta askok oso gazteak direla uzten dutenez kirola, debekatutako hori hartzeko joera dute. Zoroen moduan hasten dira jaten. Nik ezagutu ditut izugarri loditu diren gimnasta batzuen kasuak, baina handik pare bat urtera, berriz argaldu dira.  

Gimnasia erritmikoan, puntuazioa ezartzeko modua benetan da subjetiboa…

Bai, horrek zikintzen du gehien gure kirola. Daukan gauza txar bakarra da. Nik ulertzen dut zaila dela puntuazioak erabakitzea, ariketa egiten ari den bitartean, gauza asko hartu behar direlako kontuan. Teknika arloa, arlo artistikoa… zaila da, baina esango nuke puntuazio batzuk bidezkoak direla, eta beste batzuk ez horrenbeste. Denetik bizi izan dut. Horregatik, ohitu egin naiz neure lana ondo egiteaz arduratzera, gainerakoa ez baitago nire esku.

Protesta asko egoten da?

Gertatu izan zait, telebistaz eman duten txapelketaren baten ostean, norbait etorri zaidala esaten: "Nola da posible errusiar hura, hainbeste huts eginez, zure aurretik geratu izana?". Hara, zergatik galdetzen didazu niri? Epaimahai bat dago, eta epaimahai hori oso eskuzabala bada… Niri ez didate ezer kenduko, baina errusiarrari, beharbada, zalantzazko zerbaiten aurrean, kendu beharrean eman egingo diote.

Orduan, badu zerikusirik errusiarrak, bulgariarrak… tartean ibiltzeak?

Gimnasta horiek beti egon dira gailurrean, eta errespetua eragiten dute.

Beraz, jarraitu egiten du Europako ekialdekoen diktadurak, emaitzei dagokienez…

Bai. Nik, inoiz, lortu izan dut bielorrusiarren bati edo errusiarren bati irabaztea. Baina ezinezkoa da, aldi berean, errusiar biei irabaztea, bielorrusiar biei, ukraniar biei, bulgariar biei…

Eta zergatik dira hain onak?

Han askoz zaletasun handiagoa dagoelako. Bata lesionatu orduko, beste bat daukate. Hemen ere gimnasia asko egiten da, baina bitartekoak ez dira hain onak; batez ere klub mailan lan egiten da, eta oso gutxi ailegatzen dira selekziora.

Txikitatik tresna jakin baten alde egiten duzue, ala denetan ondo moldatzen ahalegintzen zarete?

Nik, nire ibilbide osoan zehar, asko landu dut tresnen oinarrizko teknika. Ez dut gehiago egin bataren edo bestearen alde, baina azkenean, beti erabiltzen duzu bat besteak baino hobe. Nire kasuan, pilota izan da tresna hori, baina besteak erabat alboratu gabe.

Inoiz gertatu al da, oso ezaugarri fisiko onak zituen gimnasta batek, kirol hau utzi behar izana, tresnekin trakets moldatzen zelako?

Bai. Badira tresnekin hain ondo moldatzen ez diren gimnastak, eta zurrun antzean ibiltzen dira. Kostatu egiten zaie ariketak erraz egiten ari diren itxura ematea, eta hori da gimnasia, azken batean.

Dozenaka elkarrizketa egingo zizkizuten honezkero, eta galdera asko errepikatu ere bai. Zer nahi zenuke galdetzea, zer nahi zenuke aldarrikatu?

Askotan baliatu dut aukera, honako hau esateko: gimnasia beti ume kiroltzat hartu izan den arren, ni ahalegintzen ari naiz 25 urterekin ere egin daitekeela frogatzen. Gogo eta ilusio kontua besterik ez da.

Ez duzu erretiroaz pentsatzen, orduan…

Bai, eta ez. Aurten, Mediterraneoko Jokoetan, estreinako aldiz izan da gimnasia erritmikoa, eta lan egin nahi izan nuen, han egon ahal izateko. Inoiz baino hobeto ibili naiz txapelketa horretan, eta horregatik jarraitzen dut. Ergelkeria litzateke orain uztea, sasoirik onenean nagoenean, hain zuzen.

"Nire amaren gaueroko musuaren mina neukan"



Azken hamaika urteotan, Gasteiztik kanpo bizi izan zara, errendimendu altuko egoitzetan, familiarengandik urrun… Zelan jasaten du hori ume batek?Madrilera joan nintzenean, lehenengo urtean, nire amaren gaueroko musuaren mina neukan. Baina hara, alboko ohera begiratu, eta egoera berean zegoen lagun bat ikusten nuen. Gogoratzen naiz, gurasoak bisitan joaten zirenean, negarrez ematen genuela egun osoa, haiek alde egin eta gero. Urteekin, tristurak ahaztu eta aurrera egiten da.

Ez da heldutasuna lortzeko bide ankerregia?
Bai, baina bizirauten da, eta zure kabuz aurrera egiten ikasteko modu bat da.

Bazeneukaten amarena egiten zuenik? Adin horretako neskek, izan ere, amaren behar handia izaten dute, gorputzean gertatzen ari diren aldaketei aurre egiten laguntzeko, besteak beste…
Telefonoz galdetzen da, hori da-eta gurasoekin harremanean egoteko modu bakarra. Denok genbiltzan berdin, eta askotan hitz egiten genuen elkarrekin gauza horien inguruan. Bestetik, pertsona helduez inguratuta geunden nonahi, eta entrenatzaileek ere, zenbaitetan, amarena egiten zuten.

Emakume baten palmares betea



Gimnasia erritmikoan umeak ikusten ohituta gaude, baina Cidek irudi hori hautsi du guztiz. Hiru Joko Olinpikotan parte hartu du, eta hori, gimnasta gehienek esan dezaketena baino askoz gehiago da. Cidek, gainera, hiru Joko horietako finalak jokatu ditu. Lorpen handia, inondik ere, eta are gehiago Europa mendebaldeko batentzat. Dominak bestelako kontua dira, ekialdekoei ezin baitzaie aurre egin, oraingoz. Espainiako txapelketetan lortutakoekin konformatu behar, beraz (sei bider txapeldun izan da Almudena Cid). Behinola, Munduko Kopa batean ere domina bat lortu zuen, baina berak dioenez, suerte kontua ere izan da hein batean: halakorik lortzeko, gauza asko gertatu behar baitira aldi berean. Gainera, munduko bederatzi txapelketatan, eta Europako zortzitan parte hartu du. Eta dirudienez, oraindik tarte baterako dauka asolina.