Alice Braga: Aingeru beltzarana
Brasili buruz zer dakigu ozeanoaren alde honetan? Miss Melillak Errusiari buruz baino gehiago bai, ala? Badakigu futbolean onenak direla eta guztiok ezagutzen dugu Ronaldinho.
Badakigu karnabala munduko ikuskizunik handienetakoa dela eta Adriana Lima munduko emakumerik ederrenetakoa. Baina zer dakigu Brasilgo zinemaz? Emakumezko aktore brasildar baten izena? Tik-tak, tik-tak... Berrogei urte aspaldi beteta dituen gazteren batek botako du: Sonia Braga (Kiss of the Spider Woman, 1985). Bat, bakarra. Lasai, hurrengoan galdetzen digutenerako, hona erantzuna: Alice Braga. Bai, iloba.
Eta film brasildarrak? Batzuk Central do Brasil (1998) gogoratuko dute, baten batek Carandiru (2003), baina ziur gehienok ikusi eta gozatu genuela Fernando Meirellesen Cidade de Deus (2002). Orain bai, orain gogoratu dugu Buscape maitemindu zuen neskatxa hura, aingeru aurpegia zuen Angelica. 2005ean Cidade Baixa eta Solo Dios sabe filmekin trilogia halako bat itxi zuen, eta ez tituluei erreparatuz soilik. Lehenengoan, Y tu mama tambien (2001) mexikarraren irudi, lagun banaezinak diren bi arrantzale gazte seduzitzen dituen prostitutarena egin zuen. Bigarrenean, aldiz, Gael Garcia alde batera utzi eta Diego Lunarekin egin zuen mexikon barrena autoz bidaia.
Hollywoodeko ikusle krispetajalearen aurrean, aldiz, Will Smithen eskutik agertu zen I Am Legend (2007) futuristan. Eta badirudi, zientzia fikzioari gustua hartu diola neskak. Hasteko, berriz ere Meirellesen esanetara, Jose Saramagoren Ensaio sobre a Cegueira lan ezagunaren moldaketan (Blindness, 2008) ikusi genuen. Eta iaz, alde batetik, Predator sagaren azkenean, eta bestetik, Repo Men ustezko plagioan Jude Lawren bikote. Datorren hilabetean, Anthony Hopkins apaizaren exorzismoetan izango da The Rite errepikakorrean. Zorionez, errefritoak alde batera utzi eta aurtengo sorpresarik interesgarrienetakoa izango den On the Road filmean ikusiko dugu. Jack Kerouac idazlearen lanean oinarrituta, Beat belaunaldiaren loraldia erakutsiko digu ondo baino hobeto ezagutzen dugun aktore brasildarrak.
Nortasun Agiria
Izena: Alice Braga.
Jaioteguna: 1983-04-15.
Jaiolekua: Sao Paulo (Brasil).
Mutil-laguna: Ez du.
Musikari gustukoena: Joao Gilberto .
Zuzendari kuttuna: Fernando León de Aranoa.
Film maiteena: The Rookie (Clint Eastwood).
Betetako ametsa: Jude Law musukatzea.
Maite du: Hondartzan txigortzea.
Gorroto du: Faveletako egoera.