'Aldaera' da 2021eko hitza, Euskaltzaindiaren eta UZEIren arabera
Euskarazko berrien jarraipenean oinarrituta hautatu dute hitza, COVID-19aren aldaerak behin eta berriz albiste izan direla eta.
Euskaltzaindiak eta UZEIk aurtengo hitza aukeratu dute: Aldaera. Euskarazko lexikoaren jarraipena egiten du egunez egun Akademiaren erakunde atxikia den UZEIk. Horretarako, nagusiki, komunikabideak arakatzen ditu, eta eguneroko jarraipen horretan oinarrituta aukeratu dute 2021eko hitza.
Euskaltzaindiak 'aldaera' ez dela hitz berria gogorarazi du, Euskaltzaindiaren Hiztegian jasota baitago lehendik ere, baina pandemiaren harira "azken hilabete hauetan ohiz kanpoko erabilera" izan duela nabarmendu dute. Izan ere, aurten ere COVID-19a izan da albiste nagusienetakoa, besteak beste birusaren aldaera berriek pandemiaren beraren bilakaeran duten garrantzia dela eta.
Aurten Euskaltzaindiak eta UZEIk lehen aldiz hautatu dute urteko hitza elkarrekin. UZEIk hainbat urte daramatza lexikografia mailan urteak emandakoa aztertzen eta zerrendatzen.