Errusiak espazioan pelikula bat grabatu du lehen aldiz historian

Nazioarteko Estazio Espazialean grabatua izan da 12 egunetan zehar.

Errusiak zedarri bat ipini du espazioan. Lehen herrialdea izan da espazioan errodaje bat burutzen. Honela, bertako aktore ezagun batek eta zuzendari batek espazioan lehen filma grabatu dute. Zuzendaria Klim Shipenko da eta aktorea Yulia Peresild. Nazioarteko Estazio Espazialean 12 egun igaro dituzte Erronka deituriko pelikula grabatzen. Lurrera baldintza ezin egokietan itzuli ziren komunikabide ezberdinek adierazi dutenez. 

Ustekabekorik gabe burutu da errodajea. Honela, Errusiak eta Estatu Batuak duten lasterketa espazialean aurrea hartu du Errusiak. Izan ere, Ipar Amerikarrek antzeko grabazio bat egiteko asmoa dute hilabete batzuetara Tom Cruise protagonista izango duena. 

Errusiarrak, errodaje kosmiko hau gauzatzeko, lau hilabetez entrenatzen egon ziren Errusiako Agentzia Espazialeko instalazioetan. Entrenamendu zorrotz bat jarraitu zuten, astronauta profesionalek burutzen dutenaren antzekoa. 

Horretaz gain, espazioan grabatzeko baldintza guztiak aurreikusi dituzte, honek dituen mugak kontuan hartuz: espazioa, mugimendua, argiztapena... eta beste zenbait alderdi tekniko. Zintaren protagonistari gainera, castingean forma fisiko ezin hobean egotea exijitu zitzaion prestaketa hasi aurretik. Honela, castingera aurkezten ziren emakumeek gutxienez 3 minututan kilometro eta erdi korri egiteko gai izan behar zuten, 20 minututan, estilo librean 800 metro igeri egin eta tranpolin batetik bota teknika onarekin. Aktore bezala esperientziarik exijitzen ez bazen ere, azkenik, Yulia Peresild izan zen hautatua, 3.000 hautagaien artetik. Presild-ek aktore bezala ibilbide zabal eta oparoa du. 

Lau hilabete prestatzen eman ondoren, pasa den urriaren 5ean Anton Shakaplerov astronautarekin batera espaziora abiatu ziren. Lurrera bueltan, zuzendariak, zein aktoreak, adierazi zuten zaila izan zela espazioan errodatzea. Peresild-en hitzetan grabazioan zehar bere giza gaitasunak muturrera eraman zituen, ondoezik sentitu zen eta nahastuta. Shipenko-k aldiz, izugarri gozatu zuela esan du, erronka bat izan bazen ere kamerarekin egin beharreko lana bertako baldintzetara egokitzea. 

Filmaren argumentuari dagokionez, ia prestakuntzarik gabe espaziora bidaiatzera behartuta dagoen zirujau baten istorioa kontatuko du. Honek, Lurrera itzuli ezin duten, eta gaixo dagoen, astronauta baten bizia salbatu beharko du.