'Akelarre' filma hainbat lekutan ikusgai
Lapurdi eta Nafarroa Beherean hainbat emanaldi izango dira egunotan eta Errenterian ere eskainiko dute filma gaur.
Iaz estreinatu zenetik ibilbide arrakastatsua izan du Pablo Aguerok zuzendutako Akelarre filmak. Goya sarietan lortutako garaikurrez gain, ikus-entzule asko izan ditu, baita nazioartean ere. Egunotan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Errenterian gozatu ahalko dute filmaz.
Gaur bertan bi emanaldi izango dira Iparraldean: batetik, Baionako Atalante zineman, 20:45ean, eta, bestetik, Donapaleuko Saint-Louisen, 20:30ean. Baionako emanaldiaren ondoren, gainera, Maite Arroitajauregi Mursego musikariak zuzenekoa eskainiko du beste musikari baten laguntzarekin. Bi toki hauez gain, Errenterian eskainiko dute pelikula gaur Pontikako pilotalekuan, 22:00etan. Sarrera doan izango da baina aurrez eskura daitezke online.
Hurrengo emanaldiak honako hauek izango dira: bihar, larunbata, Donibane Garaziko Vauban aretoan; igandean Kanboko L’Ainglon-en; astelehenean, hilak 30, Hendaiako Les Varietes aretoan; eta asteartean Lapurdiko Getari herriko Getari Enean. Emanaldi guztiak 20:30ean izango dira.
Akelarre filma Euskal Herrian girotua dago, 1609an. Eskualdeko gizonak itsasora joan dira eta Anak basoko festa batean hartuko du parte herriko beste neska batzuekin batera. Rostegui epaileak, erregearen agindupean eskualdea garbitzeko, atxilotu eta sorginkeria leporatuko die. Akelarreari buruz dakitena eman dezaten behar den guztia egitea erabakiko du.