Aitzina Gazte Antolakundearen ibilbideari bukaera ematea erabaki dute

Zazpi urteko jarduna amaitu du Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako Gazte antolakundeak.

Aitzina! gazte ezkertiar eta abertzaleak batzeko bokazioz sortu zen 2013ko azaroan, Ipar Euskal Herriko gazteen beharrei erantzuteko. Euskararen defentsan ekintza eta mobilizazio anitz egin zituen, tartean frantses hutsezko panelak ebatsiz eta euskarazkoak ezarriz. Urte hauetan guzietan bestelako ekimenez gain, arlo sozialean, gatazka politikoaren konponbidean edota klimaren aldeko indar metaketa dinamiketan aritu izan da beste eragileekin elkarlanean.

Antolakundeak baina, jarduna amaitzea erabaki du, zazpi urtetan Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako gazte euskaldun ezkertiarren iparrorratz izanik. Alta, Aitzina!-k iragarri du hilabete batzuetako epean indarberritzeko eta euskal gazteriak tresna berriak sor ditzan lanean segituko dutela.

Hori da, hain zuzen, jardunaren etenaldirako taldeak ohar bidez helarazi duen arrazoi nagusia; dagoeneko Aintzina!-k "ez diela behar bezalako eraginkortasunez erantzuten euskal gazteria eta herri gisa ditugun erronkei".