Aitzina Folk jaialdiaren hamargarren edizioa izango da martxan Gasteizen bihartik urtarrilera bitarte

Hamasei musika emanaldi eta jarduera osagarriak eskainiko ditu, tartean Kepa Junkerari buruzko ‘Berpiztu’ dokumentala.

Aitzina Folk Jaialdi Solidarioaren hamargarren edizioa bihartik urtarrilaren 4ra bitarte egingo da Gasteizen. Egitarauak entzule guztientzat antolatu diren hogei jarduera baino gehiago biltzen ditu.

Bihar emango diote hasiera egitarauari, Santa Maria katedralean, Karlos Subijana & Lagunak taldearekin. Arratsaldeko zazpietan izango da eta sarrera librea. Azaroaren 19an, kalejira egingo dute Gasteizko erdigune historikoan.

Beñat Etxepare Antzokian ere izango dira emanaldiak: azaroaren 25ean, Mike McGoldrick & John McCusker arituko dira, eta hurrengo egunean, Muireann Nic Amhlaoibh Trio. Bi kontzertuak 19:00etan izango dira. Bestetik, familia osoari zuzendutako Titiriteros de Binéfar taldearen kontzertua ere izango da azaroaren 27an, igandean, 12:00etan.

Abenduan egingo dituzte ekintza gehienak. El Naán izango da entzungai Felix Petite Antzokian abenduaren 3an eta Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan Musika Eskolen Topaketa izango da. Arratsaldean, berriz, Atlantic Folk Triok kontzertua eskainiko du Felix Petite Antzokian. Toki horretan bertan eskainiko du Kutunek bere emanaldia abenduaren 9an. Ana Alcalderena arituko da hurrengo egunean, abenduaren 10ean, eta Trivium Klezmer-ena abenduaren 11n. Honako hauek ere antolatu dira abendurako: ChicaCharcos, Pärbo, Folk Session saioa eta  Ara Malikian. Egitaraua urtarrilaren 4an, asteazkenean, amaituko da Alos Quartet & amigosen taldearekin, 20:30ean, Principal Antzokian.

Bestelako jardueren artean tailerrak izango dira: zanfona, biolina edo harpa, txalaparta, uilleann pipe, irrintziak eta dantza. Bestetik, Atlantic Trio taldearen saioa eta Kepa Junkerari buruzko Berpiztu dokumentalaren emanaldia izango dira. 

Sarrerak eta abonamenduak webgunean eskura daitezke. Irabazi guztiak Aefatek Nafarroako Unibertsitate Klinikan bultzatzen duen terapia genikoko ikerketa-proiektua finantzatzera bideratuko dira.