Aitor Merino: "Astronauta izan nahi nuen, eta hara, aktore izanik astronauta izan naiteke"
Donostian jaio, Barañainen hazi eta Madrilera joan zen bizitzera hamasei urte zituela. Arrebarekin batera zuzendu zuen 'Asier eta Biok' dokumentala. Azkenaldian, 'Smiley' antzezlanarekin ibili da.
‘Asier eta Biok’ filmaren ostean, ‘Smiley’ antzezlanarekin ibili zara antzokiz antzoki. Nola joan da?
Smiley antzezlanarekin joan den hilabetean bukatu genuen. Gasteiztik eta Santurtzitik pasa ondoren Iruñean, Gayarre antzokian, egin genuen azken emanaldia. Oso harrera polita izan genuen, bereziki Iruñean; azken emanaldian lagun eta familiako kide asko etorri ziren. Pasada bat izan zen. Smiley komedia erromantikoa da, bi gizonen arteko harremana kontatzen zuena. Oso ezberdinak diren bi gizon kasualitatez ezagutu eta maitemindu egiten dira. Aldi berean, erakarpen eta gorroto ikaragarria sentitzen dute bestearekiko. Maitasuna eta ezberdintasunak; horixe da gakoa. Asier eta biok filma egin ondoren aktore bezala lan egitea beharrezkoa nuen.
Momentu honetan baduzu beste proiekturik esku artean?
Aktore lanetan aritzeko hainbat proiektu dauzkat esku artean, baina oraindik ziurrak ez direnez, ezin dut ezer kontatu. Zuzendari bezala, aldiz, arrebarekin batera beste proiektu bati ekin diogu; Fantasia du izena baina ezin dizut gehiegirik aurreratu.
Donostian jaio zinen, baina Barañainen hazi.
Donostia oso txikia nintzela utzi genuen arren, hainbat gauzataz gogoratzen naiz noizbehinka. Zazpi urte nituelarik aitari Donostiako lana bukatu zitzaion eta Iruñera joan behar izan genuen, gurasoek lana behar zuten eta Barañainera joan ginen. Bertan etapa berri bati hasiera eman genion. Nahiz eta Iruñean, ikastolan, ikasle txarra izan eta udak ikasten eman, oso oroitzapen politak ditut. Ikasketetan oso txarra nintzen, ez zitzaidan ikastea gustatzen.
Eta oso gazte zinela, Madrilera joateko erabakia hartu zenuen.
Hamasei urterekin, gurasoen babesarekin, Madrilera antzerkia ikastera joatea lortu nuen. Hostal batean bizi nintzen eta gertu zegoen eskola batean ikasi. Lehenengo hilabeteetan eta hasierako urte horietan Madril oso handia egiten zitzaidan, beldurgarria. Baina, aldi berean, abentura gisa, hori nahi nuen: hiri handian bizi eta gauza berriak ezagutu. Gogoratzen naiz hori gertatu baino lehen esan izan nuela: "Ni ez naiz Madrilera joango, ezta pentsatu ere". Ezinezkoa iruditzen zitzaidan, eta gero gertatu egin zen! Horrelakoa da bizitza.
Familia eta lagunak Iruñerrian utzi eta Madrilera joatea ez zen erabaki erraza izanen.
Antzerkia ikasi nahi nuela argi nuen eta hori zen garrantzitsuena. Madrilek beldurtzen ninduen hiri handia zelako, baina era berean hiri handi hori behar nuen. Aktorea izatea errazagoa da Madrilen.
Nolakoa izan zen Madrilgo lehen urtea?
Gogoratzen dut Gran Víara atera eta norbait dirua eskatzen ikusteak asko beldurtzen ninduela. Horrelakoak ikustera ez nengoen ohituta, Iruñean horrelakorik ez nuen ikusten. Hori gertatzen zenean, diru pixka bat ematen nion eskaleari. Baina ohitu nintzen; lagun berriak egin nituen, oraindik mantentzen ditudanak, eta, batez ere, interpretazio klaseak oso garrantzitsuak izan ziren niretzat. Familia eta lagunekin harreman ona banuen ere, ez nuen inoiz Iruñera bueltatzea pentsatu. Momentu zailak eta txarrak noski bizi izan ditudala, asko, baina ez dut "ezin dut gehiago, utziko dut" bezalako pentsamendurik izan.
1995ean ‘Historias del Kronen’ errodatu zenuen Montxo Armendarizen zuzendaritzapean.
Historias del Kronen filmerako probak atera zirenean eskola bukatzear nengoen, eta asko beldurtu nintzen. Gogoratzen naiz ez nuela frobetara aurkeztu nahi, hain beldurtuta nengoen... Amaia arrebari eskatu nion deitzeko eta gaixorik nengoela esateko, eta halaxe egin genuen. Ez nintzen frogara joan. Baina, astebete geroago berriz deitu zidaten eta joan egin behar izan nuen. Oso ondo atera zen, baita bigarren froga ere; Montxorekin eta beste kideekin oso ondo ulertu nintzen. Pelikula errodatzen geundenean ez genuen pentsatu halako arrakastarik izango genuenik. Bat-batean Canneseko festibalean ikusi genuen geure burua, sail ofizialean. Arrakasta izugarria izan zuen. Momentu horretatik aurrera lan asko atera zitzaidan. Oso garrantzitsua izan zen niretzat.
Arreba Amaiarekin egin duzun ‘Asier eta biok’ dokumentalak ere oihartzun handia izan du.
Madrilen bizitzea eta euskalduna izatea ez da erraza. Filma egiteko beharra neukan, ez bakarrik Asierri buruz hitz egiteko, daukagun harremana azaltzeko ere bai. Alde batetik, Asier espetxeratu zutenetik, lagunekin edota bizitza normalean zer nolako bizipenak izan ditugun azal du nahi genuen. Politikari buruz hitz egitea, oro har, oso zaila da. Baina, era berean, amorruak sortutakoa azaltzeko beharrak pelikula bat izan behar zuela pentsatu genuen. Asier libre utzi baino lehenago Amaia aritu zen zer egin genezakeen pentsatzen. Ez genuen uste film bat egingo genuenik; oso kamera arruntarekin joan nintzen Asier askatu zuten egunean. Horrela hasi ginen. Konturatu naiz zein zaila den norbere lanarekin ados egotea. Gaiarengatik ardura handiarekin egindakoa da, baita Asier gure laguna delako ere. Gutxinaka-gutxinaka konturatu ginen, bai Amaia, Ainhoa Andraka (ekoizlea), Asier bera zein baita ni neu ere, prozesu horretan zein ardura genuen. Material horrekin zintzoa izatea oso lan gogorra izan da denontzat.
Nolakoa da Aitor Merinoren egun arrunt bat?
Egun normala? Ez dakit hori zer den! Aurreko urtean, pelikula zela-eta, alde batetik bestera ibili nintzen. Aurten Madrilen kokatu naiz berriro, eta orain antzerkia egiten nabil. Kirola ere egin beharko nuke. Ingelesa ikasten nabil, eta hemen, Madrilen, euskara klaseak hartzeko aukeren bila ere banabil. Gauza ezberdin asko egiten ditut. Batzuetan oso bizitza eroa daukat. Ez dakit bizitza arrunta den ala ez, baina niretzako hala da, eta kontent nago.
Zergatik aktore izan, eta ez, adibidez, astronauta?
Aktore izan aurretik astronauta izan nahi nuen, eta hara, aktore izanik astronauta izan naiteke. Halloween gau batez, aktorea den lagun batekin kaletik nindoala mozorroturik zegoen jendea ikusten ari ginen, eta komentatzen genuen: "Joe, hau beraientzat berezia da, baina guretzat lana! Gu ohituta gaude!" Niri bizimodu hau gustatzen zait.
Madrilen gustura zaude, beraz.
Bai, bai, oso gustura nago. Politikaz hitz egitea zaila den arren, Madrilen pertsona ezberdin asko dago, eta jende berria ezagutzea oso oso erraza da. Jendearekin tratua oso erraza da.
Zer duzu nahiago, telebista, zinema edo antzerkia?
Ez daukat gogokoenik. Telebistan lan egiten duzunean diruarengatik edota jateko beharrezko duzulako egiten duzu. Normalean baldintzak gogorrak izaten dira. Aldi berean, Goenkalen egon naiz, eta oso gustura egon naiz lanean. Telebista ezberdina da besteekin alderatuta, baina gustuko dut. Zinema ere oso gustuko dut. Baina zaila da pelikula on batean parte hartzea, ez baitira egunero pelikula onak egiten. Eta antzerkia berezia da. Alde batetik, aukera gehiago dago, adibidez, testu on batean lan egiteko, eta publikoarekin duzun harremana ere oso berezia da. Bestalde, zuzentzea edo nire istorioak kontatzea asko gustatzen zait, baina alde horretatik momentuz ez dut proiekturik. Aktore batentzat pertsonaia publikoa izatea ez da oso ona. Politagoa da pertsonaz gehiegi ez jakitea.
Munduko gertakarien aurrean "txontxongilo hutsa" izan nahi ez duzula esan izan duzu hainbatetan.
Beste pertsona askok bezala, ezta? Aktorea naiz, baina munduan tokatu zaigun lekua eta gertatzen diren gauzak ikusten ditut, begiak ditut, eta mundu guztiari bezala modu batera edo bestera eragiten dit. Uste dut sistemak pertsona axolagabeak sortzea duela helburu. Hemen eta leku guztietan pasatzen da. Sistemari ez zaio interesatzen pertsonek kritikotasuna garatzea. Horregatik, txikiak garenetik hezkuntzaren bitartez hori sustatzen da. Gozokiak ematen dizkigute tontotuta gera gaitezen; kapitalismoa maisua da horretan. Baina ez kapitalismoa soilik, boterea orokorrean. Benetan gauzak aldatu nahi baldin badira, guztion esfortzua beharrezkoa da, eta gutako bakoitzak zerbait eskaini beharko du. Horretarako konturatu behar gara gutako bakoitzaren ekarpena baliotsua izan daitekeela. Hortxe dago zailtasuna.
Zure burua definitzea eskatuko balizute, nor da eta nolakoa da Aitor Merino?
Kar, kar, kar! Hau da Aitor Merino (bere burua seinalatzen du). Egunero ispiluan ikusten dudana. Berdina eta ezberdina, normala. Egun batzuetan asko maite dudan tipo bat, eta beste batzuetan hainbeste maite ez dudana. Maite eta ezagutu nahi dudan pertsona da Aitor Merino.