Aisialdiko monitore izan nahi duzu? Prestatu zaitez Bermeon!

Gaztetxoekin ibiltzea eta aisialdiko jarduerak egiten atsegin baduzu, monitore lanetan aritzea gustuko izango duzu, ziur. Baina horretarako titulazio ofiziala ezinbestekoa zaizula badakigu, eta beraz, Bermeon irailean hasi eta maiatzera bitarte egingo duten monitore ikastaroan izena emateko gomendioa luzatu nahi dizugu. Animatu!



Bermeoko Gazteentzako Informazio Zerbitzuaren ekimenez, urte osoko monitore ikastaroa egingo dute aurten seigarrenez. Irailaren 28an hasiko dira klaseak, eta maiatzera bitarte luzatuko dira, saio teorikoak lehenik eta praktikoak ostean. Ostiraletan 18:30etik 21:00ak bitarte bilduko dira herriko Gaztetxo Eskolan, eta larunbatetan goizeko 10:00etatik arratsaldeko 19:15era arte, bazkaltzeko bi ordu eta erdiko atsedenaldia barne.

Orotara 200 orduko iraupena izango du ikastaroak, 16 asteburu, eta saio praktikoak amaitu ostean, ikasleek Gazteleku, Ludoteka edota udaleku irekietan egingo dituzte praktikak, beti ere, Gaztetxo Eskolak jarritako epeen barnean.

Eman izena!
Zuk ere ikastaroan parte hartu nahi baduzu, garaiz zabiltza, irailaren 20ra bitarte edota plazak amaitu arte izango baita zabalik izena emateko epea. Bermeon erroldatutakoek 300 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainerakoek 350 euro. Hori bai, gutxienez 18 urte izan behar dituzu, gazte, edota adin hori datorren urria baino lehen bete.

Kontuan izan, baita ere, gehienetan Bermeon bertan bilduko diren arren, lau asteburuz aterpetxeren batera egingo dutela irteera: lehen asteburuan (irailak 28-29), abenduan, otsailean eta azken aurreko saioan, maiatzean, hain zuzen ere. Beraz, jende berria ezagutu, titulazio ofizial bat eskuratu eta ongi pasatzeko aukera paregabea duzu. Ez aukera galdu!