Aire-aire, irudimenari

Ikasi al dezakegu gure fantasiekin? Erabili al ditzakegu entrenamendu moduan? Gure irudimenak sortzen dituenez, kontzienteki landu ditzakegu eta gure eguneroko nahi eta desioetatik ikasi.


Zer dira?
Fantasia erotikoak eduki erotikoak dituzten eszenak dira. Esna gaudela gure irudimenak sortzen ditu. Askotan adierak erromantikoak dira, bestetan, rolen aldaketa edo gogorkeria kutsua duten jolasei loturikoak dira. Fantasien aniztasuna ez da soilik edukietara mugatzen, hauetan ageri diren gizaki nahiz izaki protagonistek egiten baitituzte berezi eta anitz fantasia horiek. Norbaitek txakur baten antzera laztantzen duela irudikatzea horren adibidea litzateke.
Ohikoena nork bere fantasietan parte hartzea da. Eszena horiek ez dira zertan borondatez sortu, badira sortze edo garatze kontzientea atzean ez duten pasarteak ere.

Nork izaten ditu?

Gizonezkoek eta emakumezkoek, haurrek, gazteek, helduek eta zaharrek izaten dituzte. Adibidez, 15 urteko gazteek, baina baita 50 urteko bikotedun gizon-emakumezkoek ere.

Zer funtzio betetzen dute?

Fantasia erotikoek askotariko eginkizunak dituzte. Maila fisiologikoa aintzat hartuz, aipatzekoa da, erotismoa estimulatu eta berotzeaz gain, plazera areagotzen dutela eta orgasmoan lagun dezaketela. Gainera, tentsioak kentzeko eta antsietatea arintzeko oso lagungarriak dira.

Arlo psikologikoan fantasiek ekar ditzaketen onurak ere ikaragarriak dira. Jokabide konpartitua burutu ezin denean edo jokabide jakin bati beldurar edo errespetu zaionean, ordezkapen modura askapen funtzioa betetzen dute. Gainera, norberaren buruari konfiantza ematen diote fantasiek, nolabaiteko esperientzia ematen dutelako. Tarteka aske sentitzeko aukera ematen dute, sozialki onarturik ez dauden jokabideak irudimenaren bitartez bizitzeko aukera ematen baitute. Honek guztiak, geure autoestimuan eta norberaren irudian zer esana duenez, fantasiak nork bere erotismoa aberasteko baliagarriak direla esan dezakegu.

Bizi izan dugun egoera erotiko bat berriro sentitzeko eta hanka sartzeak zuzentzeko modua ere badira. Egoera bigarrenez bizi dezakegu (irudikapenarekin bada ere), baina oraingoan hobeto jokatuz. Era berean, jokabide sexualak entseatzeko edota sor daitezkeen zailtasunei aldez aurretik irtenbidea aurkitzeko balio dezakete.

Fantasiek betekizun soziala ere badute. Harremanak aberasteko eta errutinatik ateratzeko baliagarriak dira. Fantasiak osasuntsuak dira eta libre nahiz burujabe sentiarazten gaituzte. Gainera, nahi beste aldiz errebobinatu daitezke eta hasieratik hasi hobetzeko, apaintzeko edota berriro gozatzeko. Praktikatuz ikasi egiten da.

Esandakoa: zure irudimenarekin jolastu, errebobinatu, apaindu, gozatu. Praktika ezazu, zure esku dago! Ea ba!

Jolasera!



Osagai erotikoei eskainitako atal berria duzu hau. Hilabetero bat xehetuko dugu. Nola aberasten duen topaketa erotikoa, zertarako balio duen, zer ezaugarri dituen, zenbat balio duen… Gero, noski, zure esku bat edo beste aukeratzea, probatzea!

We-vibe II
C itxuradun bibragailuak emakumeen klitoria estimulatzen du. Horretaz gain, sarketan erabil daiteke eta zakila bera ere estimulatzen du. Bibragailuak bederatzi posizio ditu aukeran eta bateria bidez dabil  –We Vibe I-ak, honen aurrekoak alegia, bi posizio besterik ez zituen eta pilak erabiltzen zituen–. Osagarri erotiko hau silikonaz eginikoa da. Hortaz, lubrifikatzaileak erabiltzekotan, hobe olio gabea izatea, gailua honda daiteke eta. 100 euroren bueltan dago salgai.

Proba ezank



Txoko hau sexuan aritzeko jarrerena izango dunk aurrerantzean. Errutinatik ateratzeko gonbitea. Ideia berriak hik ere egitea nahi di(n)agu. Bidal ezank proposamena gaztezulo@gaztezulo.com helbidera, zulozale guztiekin partekatu ahal izateko.