AINHOA SÁNCHEZ: “Pilotuak eta biok dantza bikote bat osatzen dugu, gure arteko konfiantzak erabatekoa izan behar du”

Duela bost urte ingeniaritza enpresa baten marketin departamenduan ziharduen Ainhoa Sánchez (Bilbo, 1976). Baina orain balletean aritzen da, lurrazaletik 600 metrora, hegazkin gainean. Euskal Herriko lehenengo wingwalkerra da, bakarra.

Zergatik maite duzu wingwalkinga?
Beste esperientzia guztiekiko ezberdina delako, bakarra; paregabe sentiarazten nauelako, aske eta zoriontsu, txori. Han ez dut inor izaten alboan ezer partekatzeko… Bakardade hori halako ingurune batean… zoragarria da, baina ezin dut azaldu, sentitu beharreko zerbait da.


Zoragarria… nahiz eta segurtasun kable batek eta mosketoi batek bakarrik lotzen zaituzten bizitzara?
Tira… kanpotik begiratuta diozuna irudi dezake, baina errealitatea ezberdina da. Segurtasun protokolo zorrotza jarraitzen dugu, ekipo handia dugu atzean, prestaketa… Esan dezagun, magoen antzera, magia egiten dugula: zerbait ikusarazi eta sinestarazten diogu publikoari, baina benetan beste zerbait gertatzen da. Ni %100ean seguru aritzen naiz han goian, ez dizut gehiago kontatuko –irribarre bihurriz–.


Harrigarriena da bertigoa duzula!
Bai. Bitxia, ezta? Kontua da hegazkin gainean nabilenean ez dudala horrelakorik sentitzen. Balkoi batera ateratzen naizenean edo amildegi batera hurbiltzen banaiz, ordea, bai. Jende askori gertatzen zaio: ez da gauza bera gainazaletik 10 metrora edo 600-era egotea. Hain altu gaudenean lurrazalaren erreferentzia galtzen dugu eta bertigoa desagertu egiten da. Pilotu askok dute bertigoa!

 

Azaldu zer gertatzen den ingeniaritza enpresa baten marketin departamentuko langile batek dena utzi eta wingwalkinga bezalako diziplina ezezagun eta eszentriko bat praktikatzen hasteko.
Egia esateko, duela urte gutxira arte, uste nuen bizitzan egingo nukeen azkeneko gauza izango zela hau… –barrez–. Eta ez da egun batetik besterako aldaketa izan. 2012an, kasualitatez, erakustaldi baten bideoa ikusi nuen YouTuben. Ederra iruditu zitzaidan, oso estetikoa; nire pasioak uztartzen zituen gainera: dantza, zirkua, hegazkin klasikoak… Urte hartan, enpresako egutegia wingwalking argazkiekin osatu nuen, eta neure buruari esan nion kosta ahala kosta hura probatu behar nuela. Horrela hasi nintzen bilatzen, dokumentatzen, hurbiltzen, jendea kontaktatzen… eta begira!


Elkarrizketa osorik irakurri nahi baduzu, kioskoetan aurkituko duzu ekaineko GAZTEZULO; laster, edizio digitalean!