Aimarz, Mirua, Neomak, Sua, Bele eta Skabidean arituko dira Donostiako Aste Nagusi Piratan
Abuztuaren 8tik 15era izango dira emanaldiak, eta EZEZEZ, Anari eta Ezpalak ere izango dira besteak beste.
Udarekin batera, herri eta hirietako jai ugari izaten dira, eta jendea dantzarako eta ongi pasatzeko gogoz izaten da. Abuztuan zenbait hiriburutako jaiak izaten dira, tartean Donostiakoak. Bertako piratek jai herrikoa antolatzen dute urtero, 2003az geroztik, eta aurtengoan ere han izango dira "Bota sare barkutik hirira" lelopean.
Abuztuaren 8tik 15era izango dira Donostiako jaiak, eta hamazazpi kontzertu iragarri dituzte guztira Aste Nagusi Piratan. Abuztuaren 8an Lehian erromeria talde bizkaitarra arituko da. Hamar urte baino gehiagoko ibilbidea dute eta euskal abestien bertsioak plazaratuko dituzte, kanta herrikoiekin batera.
Hurrengo egunean Anarik joko du. Orain dela bi urte kaleratu zuen azken diskoa azkoitiarrak, Giza zarata izenekoa. Disko horretako eta bere ibilbideko beste zenbait kantu ezagun entzuteko parada izango dute entzuleek. Altxa Lili kolektiboak queer ikuskizuna eskainiko du, musika, irudia, dantza eta kantua uztarturik. Bilboko EZEZEZ taldeak post-punk eta rock soinuak ekarriko ditu Flamenkara.
Tapia eta Leturia ere giroa alaitzen arituko dira abuztuaren 10ean. Haiez gain, Zuberoko Xiberoots reggae taldea eta Brava ere izango dira.
Bestetik, Aimarz zumarragarrak dantzarako giroa sortuko du abuztuaren 11n. Bele donostiarrak soul, blues, eta dancehall soinuak taularatuko ditu abuztuaren 12an, eta Neomak taldekoak ere bertan izango dira.
Bizkaiko Sua taldeak joko du abuztuaren 13an. Zestoako Ezpalak taldea ere bertan arituko da egun horretan. Iruñeko Skabidean taldeak ska, reggae eta rocksteady musikaz jantziko ditu bazterrak abuztuaren 14an. Mirua eta Kilikik emango diote amaiera festei, abuztuaren 15ean.
Abuztuak 8, larunbata: Lehian erromeria, 23:05ean.
Abuztuak 9, igandea: Anari, 19:00etan; Altxa Lili, 21:00etan; eta EZEZEZ, 23:30ean.
Abuztuak 10, astelehena: Tapia eta Leturia, 20:00etan; Xiberoots, 23:05ean; eta Brava 01:00etan.
Abuztuak 11, asteartea: Svetlana, 20:00etan; Aimarz, 23:05ean; Siwanaba, 13:00etan.
Abuztuak 12, asteazkena: Bele, 23:05ean; eta Neomak, 01:00etan.
Abuztuak 13, osteguna: Sua, 23:05ean; eta Ezpalak, 23:00etan.
Abuztuak 14, ostirala: Skabidean, 00:30ean.
Abuztuak 15, larunbata: Mirua, 23:05ean; eta Kiliki, 01:00etan.