Aiaraldeko Euskararen Eguna ospatuko dute larunbatean

Ibilaldia, kirol partidak, antzerkia eta musika izango dira, besteak beste.

Abenduan ez zen posible izan, baina ekainaren 4an egingo dute azkenik ospakizuna, Luiaondon, Euskaraktibatu!  lelopean. Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak elkartearen birsortzea eta euskaltzaleon "ber-topaketa" ospatu nahi dute, "zubiak berreraikiz, komunitatea berrindartuz, interpelatuz eta aktibatuz". Haur, ume, nerabe, gazte, heldu zein adineko, komunitate osoa gonbidatu dute Luiaondora. Musika, antzerkia, lehiaketak, bertsoak, jolasak, kirola eta kultura uztartuko dituen eguna izango da.

Goizeko bederatzietan hasiko dute Luaiondora joateko ibilbidea, norberak aukeratutako moduan: txirrinduz, oinez, zein trenez. Jarraian, futbito eta  saskibaloi lehia izango da aukeran, 3x3 formatuan. Bi kategoria bereziko dira: 8-12 urte bitartekoak eta 12-16 urte artekoak. Bihar izango da izena emateko azken eguna. Bestetik, haur, nerabe, zein gazteek jolasean aritzeko aukera izango dute Luiaondon, Kirikiño eta Kokorikoren eskutik.

Kultur eta proiektu azoka 11:00etan irekiko da Txoritegian. Bertan eskualdean euskaraz sortzen duten sortzaileen lanak ikusgai eta salmentan izango dira. Euskararen inguruko proiektuak erakusteko gunea ere izango da. Bi kalejira ere abiatuko dira, bat Otazutik, trikitilari eta panderojolez alaitua, eta, bestea, txistulariek gidatua tren geltokitik. Biak ala biak ere Sorginlarrenen  txontxongilo eta momotxorroek lagunduta. Tabernaria antzerki obraren bi emanaldi ere eskainiko dituzte Otueta Gizarte Etxean, 12:00etan eta 13:30ean.

Ekitaldi nagusia 13:00etan egingo dute, Txoritegian. Dantzarekin jantziko dute, gainera, ekitaldia. Bazkalostean, bertso-poteoa ere egingo dute Sustrai Colina, Julen Zelaieta eta Izar Mendigurenekin. Musikarik ere ez da faltako, hainbat kontzertu antolatu baitituzte: Ilargi, Saltoka, Mugan, Xsakara, Izatefaltsua, eta Nikotina.

Gainera, eskoletan lantzeko proposamen pedagogiko bat eta bideo laburren lehiaketa ere antolatu dute. 

"Ilusioz gainezka" daudela adierazi dute, "salto bat emateko prest eta hurrengo lau urteotan eskualdean euskararen normalkuntzan errotik eragiteko nahiarekin. Modu integralean ekin nahi diogu euskalduntzeari eta horretarako badugu gure itsasargia". Ospakizunak utziko dituen "aho-zaporea, energia, zubiak, indarrak,... herritarrak eta eragileak euskararen normalizazioan aktibatzeko" baliatuko dituztela azaldu dute, jaiaren ostean plazaratuko dituzten ekimenetan bidea emanez.