Ahozko kultur sorkuntzari buruzko ikerketentzat bi deialdi martxan

Egiteko dauden lan monografikoentzat da bata, eta amaitutako Gradu Amaierako Lanentzako bestea. Urriaren 20rako aurkeztu beharko dira proiektuak.

Kilometroak elkartearekin Goierriko ahozko ondarea ikertzeko beka esleitu berritan, ahozko kultur sorkuntzari buruzko lanentzako bi deialdi jarri berri dituzte martxan UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzolak. 

Batetik, 2.000 euroko ikerketa proiektu sari bat eskainiko da, oraindik egin gabe dauden ikerlanak garatzeko. Master amaierako lanen proiektuak lehenetsiko badira ere, beste ikerketa lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira.

Bestetik, amaituak dauden Gradu Amaierako Lanentzako sari bat ere eskainiko da. Jada amaituta dauden Gradu Amaierako Lanentzat da, azken bi ikasturteetan defendatutako lanentzat, hain zuzen ere. 500 eurokoa izango da sari hau.

Bi deialdien kasuan, unibertsitateko edozein jakintza alorretatik abiatuta, euskarazko kultur sorkuntza izan behar dute lanek ikergai; horietako bat bertsolaritza izan daiteke. Urriaren 20ra arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak eta lanak.